sarea, ikasle

18
Urt
2009

Idealizazioaz

Plisti-plasta | 2009, Urtarrila 18 - 17:02

Betidanik sinetsi izan dut utopiaren indarrean. Utopiak laguntzen digu aurrera jotzen; batzuetan, nahitaez, lurrera begiratu behar dugu estropezu ez egiteko, beste batzuetan, ordea, ostertzera begiratu beharko genuke norantz jo jakiteko; baina utopia eragilea izango bada, errealitatetik abiatua izan behar da, errealitatea idealizatzen duenak nekez egingo du bide, zail baita basamortuko espejismotik ura ateratzea.

Zertara dator hainbeste filozopia? Bada, begira, badirelako nire ustez okerreko urratsak emanarazten dizkiguten zenbait idealizazio. Gehiago badiren arren, ahalik eta modurik laburrenean (eta osatugabean, beraz) aipatuko ditut horietako bost.

1. idealizazioa: ikaslea.

Konstruktibismoak fokusa aldatu nahi du, ikaslea bihurtu ikas-prozesuaren gune, autonomian oinarritu. Eta gutako zenbaitzuk euskaltegietan ere horri jarraitu nahi izan diogu. Baina hori al da ikaslearen beraren espektatiba? Hori bere ikas-kultura? Kontuan izan behar dugu gureak ikasle helduak direla eta oso finkatua dutela txikitatik ikaskuntza eta irakaskuntzarekiko ikusmolde jakin bat. Izango al dugu indarrik errepresentazio hori guztia aldatuz euskara irakasteko?

2. idealizazioa: irakaslea.

Irakasleon maila profesionala apur bat idealizatuta dugula uste dut eta, horrez gain, ahalguztidunak izan behar dugula dirudi: konstruktibistak, 2.0, materialgileak, sare-sortzaileak… Finean, iruditzen zait dena bizkarrera etortzen zaigula. Soinean zazpi tresna zintzilik izateaz gain, musika jo eta dantzan egin behar duen ferietako musikariaren irudia datorkit gogora. Eta guk geuk ere sarritan uste dugu hori guztia egiteko gai garela, geurea dela ardura eta musika polita jotzen dugula, gainera. Bada, barkatu, baina ez. Azkenean, musikariari bezala gertatzen zaigu, zer edo zertxo dakigu denetik baina, apenas, ezer ere ez  taxuz (nik behintzat).  Nire ustetan,  irakasleak irakasle izan behar du; ez materialgile, informatiko, administrari eta abar.

3. idealizazioa: HEOK eta metodologia.

Metodologiarekin eta edukiarekin antzera gertatzen zaigu, Lope Agirre bezala beti El Doradoren bila gabiltzala, alegia. Ez dut nik esango  ez direla garrantzizkoak  baina sarritan berauen distirak itsutu egiten gaitu. Honi buruz ezer gutxi esango dut. Nahiko argigarria delakoan,  lehengo batean ATOAN-en ipinitako aipua besterik ez dut ekarriko hona:

Hezkuntzan egiten diren erreformek ikas-irakas praktikan duten eragina itsas zabalean ekaitzak izaten duenaren antzekoa da. Urrazala harrotzen eta nahasten dute baina hondaleak bare jarraitzen du (arre samar bada ere). Hezkuntza-politikak bata bestearen atzetik iragaten dira, aldaketa handien itxurak eginez... bitartean, urrazalaren azpian, bizitzak aurrera darraio eten handirik gabe.

— Cuban

4. idealizazioa: erakunde eragileak

Sarritan ahoa bete-bete egiten zaigu HABE eta honelako hitz tabuekin (nork esan eta nik!). Baina horiek ere ez dira ahalguztidunak, dauzkaten baliabideak dauzkate eta ez da beren gaitasuna eta eragina idealizatu behar.  Habe baino gehiago zutabe dira, goitik beherakoak alegia, baina etxea zutik mantentzeko beharrezkoak dira benetako habeak ere, zeharkakoak, eta horien bidez ez dugu etxea sendotzen asmatu. HABEk ez dizkigu gauza guztiak konponduko, ezin du, muga nabarmenak ditu. Eta gu ezin  gara beti etorriko denaren zain egon.

5. Idealizazioa: IKTak eta sarea.

IKTak erabilita badirudi modernoak garela, gazteagoak, beteta dugula berrikuntza beharra eta beste estatus bat lortzen dugula gainera. Honetan gabiltzanok, aldiz,  badakigu tresnak garrantzia daukala baina are garrantzitsuagoa dela berau nola erabiltzen den. Eta inguruetara begiratuta ezin, bada, oso pozik egon. Ikasle eta irakasle gutxi dira teknologia modu egoki eta berritzailean erabiltzen dutenak. Oso modu akritikoan, bide berriak bide zaharren paraleloan eraikitzen ari garen ustea dut. Gainera, euskal hiztunon sareak (ahalegin aipagarriak badira ere) bultzada garrantzitsua behar du ikaskuntzarako ere erakargarri eta sustatzaile izateko.

Nahikoa gaurkoz, ezkor samar ibili naizelako ustea dut, zenbait gauza behin eta berriz errepikatzen ditudan sentsazioa, beste hainbat gauza esan gabe geratu izanaren ezinegona. Berdin da. Ziur bainaiz hainbat eta hainbat iruzkin izanen direla mezu hau orekatuko dutenak (idealista al naiz?).

Irudia: If only it were that easy. Egilea: adamgreenfield (Flickr). Lizentzia.

Sindikatu edukia