hea, jardunaldiak
Epigrafistak
Iruña Veleiako saltsarekin egin da ezaguna egunotan disziplina hori. Nik ez dut ostrakarik aurkitu gaur, ez, Gurutzaden sasoiko aztarnaren bat akaso, baina idazkunak bai, 8 orri bete idazkun, kaligrafia prenetworkiarraz Gutenberg garaiko euskarri zelulosazkoan.
Idazkunon egileaz ez dut informaziorik behar, datu irrelebantea da. Jesus, Joxe ta Miriam ez dituzte idazgai, ez. XXI mendearen hasieran Ibaizabal ibaiaren ertz banatan egun berean ospatu ziren bi kontziliotako glosak dira.
Bi kontzilio haiek historian zer-nolako pisua izan zuten argitu nahi lukete historialariek. Gerora etorri ziren aldaketak azaltzeko bidea ematen ote duten ala ez. Bilkurotan ezarri ote ziren eraldaketaren oinarriak ala zeremonia erritual hutsalak izan ote ziren.
Eskuizkribu horiek ditugu argitzeko bide bakarra, non eta indusketetan -kronikek eta arkeologoek ederki frogatu digutenez- garai hartan ordurako ezagunak eta erabiliak ziren idatz-euskarri aurreratuagoak agertzen ez diren bitartean. Aditurik adituenek lepoa egingo lukete halakoak egon badaudela eta egun batean, laster batean, zokilen artean agertuko dira, izan esperantza.
Bitartean, epigrafista iaioenen taldeak eman dio dekodetze lanari. Ez da erraza izango, ez. Luze joko du seguraski. Idazkun luzea, hitzen eta esakuneen arteko konexioa ezartzea ez da samurra izango. Grafemen ahoskera zehaztea beste hainbeste.
Sikieran esanahiaren zantzuren bat balego, baina XXI mende hartan gertatu zen iraultza komunikatiboak berekin ekarri zuen izurria: memoriaren galera, eta handik honakoak asmatu ezinik dabil aspaldian gure mundua.
Iraganaz edozein informazio izatea, jakin minetik harago, behar izan bitala dugu. Epigrafista lana zerbaitengatik da hain preziatua eta ordaindua. Utz diezaiegun beraz argia ekartzen, izan dezagun pazientzia.
----
Orain ez daukat gogorik apunteak deszifratzen hasteko, nahiago dut zientzia fikziora dedikatzea. Kronika nahi baduzue, itxaron edo hasi zeuek kontatzen (idazkunak deszifratzen laguntzeko pistak emateko baino ez bada ere). Alapues.

Azken iruzkinak