didaktika, hea

21
Eka
2010

Akademikoa

Ekainaren 22a, udako lehenengo eguna. Urtea abenduan edo ekainean amaitzen ote den ondo ez dakigun latitudeotan itxiera eta despedida ekitaldietarako gorde ohi dira horrelako datak, eta duela egun batzuk gonbidapena heldu zitzaidala halako baterako gonbitea izango zelakoan, eta ez. Donostiako Vitoria-Gasteiz kaletik zetorren gutunazalaren barruan 2010-06-22 Batzorde Akademikoaren bilera irakurri nuen.

2009ko martxotik ez da bildu Batzorde hori, eta honez gero -honegatik eta beste hainbat seinalerengatik- Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean gurekin ahaztuta zeudelakoan (han inor bizi ote den dudan ere bai) San Juan bezperaren bezperan gonbitea. Hau menua:

Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Kurrikulua: Egoera: azpimailak, datuak eta lehentasunezko adierazleak, Proposamena: HEOK birbatua, Helburua: HEOK bakarra euskararen herritarren eremuetarako.

Akreditaziogintza: 2010eko gaitasun-proben egoera, Azterketak sortzeko Baliabideen Biltegia (ASBB), 2003ko abuztuaren 6ko Agindua berritzeko proposamena eta lan-egutegia.

Prestakuntza: 2009-2010 ikasturtearen balantzea, 2010 udaldirako egin eskeintza, 2010-2011 ikasturtearen hasiera-ekitaldirako proposamena, 2010-2011 ikasturterako 4. mailako gaikuntza-ikastaroa, Teknikari zein hizkuntza irakasleen etengabeko prestakuntzarako HABE liburutegiaren alerta-sistema.

Tira, sorpresaz beteriko eguna datorrela dirudi. San Juan suaren garra elikatzeko bestekoak ote?

22
Aza
2008

Jardunaldi akademikoa

HABEren 25. urteurrenekoak ez ziren amaitu San Martin egunean Kursaalen. Ekitaldi harez gain, jardunaldi akademikoa egiteko asmoa ere egon da. Eta hala egingo da datorren ostiralean, azaroak 28, Bilbon Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, goizeko 9etatik bazkalordura arte.

Duela gutxi irakurri diot baten bati halako ekitaldi publikoetan interesgarriagoak izaten direla a posteriori kontatzen direnak a priori egiten diren deialdiak baino. Konforme nago neurri handi batean, eta kasu honetan areago. Izan ere, deialdia euskaltegietan zabaldu da eta, esan didatenez, dagoeneko izena eman dutenekin aretoa bete egin da. 100 lagun inguru. Beraz, alferrik ibiliko gara propaganda egiten.

Lastima, 100 lagunek baino ez ditugu entzungo (azkenengo reengantxe batean kolatu nautela uste dut) Josu Peralesek ikasprozesuaren azterketaz emango dizkigun datuak eta ondorioak, edo euskaltegietako ordezkariek ikas-prozesua hobetzeko dituzten ideiak eta proposamenak.

100ek izango dugu aukera  HABEko zuzendariaren eskutik erakundaren egitasmoen berri izateko. Elkarrizketa batean azaldu zituen duela aste pare bat, eta egitasmoen zerrendarekin batera, egitasmo horiei lehentasuna emateko bidea eta arrazoiak entzutea interesgarria izango da duda barik.

Eta 100 lagunen aurrean paratuko dira autoikaskuntza eta ikaskuntza konbinatuaren aukerak eta bideak aztertzen  ibili direnak; ondorioak, ideiak eta gogoetak plazaratzen.

Ez dakit jardunaldi akademikoa zergatik antolatu den horrela. Bilbon berton areto eta bilgune handiagoak daude. Baina, tira, HABEren misterioak argitzeko ahaleginak egundoko galbana ematen dit, eta alferrik izaten da gainera.

Ondorio bat dakar horrek hala ere: han botako direnak garrantzizkoak dira euskalduntzearen munduarentzat, duda barik, eta bertora joango garenok ardura izango dugu ondorioz geure lankideei haren berri eta iritzia emateko, baita datozen hilabeteetan geure erakundeetan haren gaineko gogoetak bideratzeko ere.

Bitartean -baten batek kontakatiluen kategorian sartuko gaituen arren- frikimedio minoritario hauetan gabiltzanok ere "partea" eman beharko dugu. Ez da derrigorrezkoa, badakit, baina bizioa hartuta gaude batzuk, eta sentitzen da, baina...

---

Erremateko galderak inork erantzuteko esperantza galduta daudenak: Wifia egongo da han? Badaki inork zelan egiten den korbataren korapiloa? Hamaiketakoa egongo da? Meza zutunik entzun beharko du inork? Egia da HABEk halako gehiago egiteko asmoa daukala? Halako jardunaldi gehiago egin behar direla uste dugu? Nahi dugu?

Sindikatu edukia