berbalaguna, mintzapraktika, zuzenketa
Berriketan zuzendu
Voces en español blog-podcast interesgarriaren artikulua ekarri genuen duela gutxi hizkuntz-elkartrukeak edo mintzalagunei buruz. Ordukoan mintzakide batentzako 5 galdera planteatzen ziren, oraingoan zuzenketa egiteko lau era 4 maneras corregir a tu intercambio mezuan. Orduan bezala artikuluaren itzulpen/remix librea egiten saiatuko naiz. Artikuluan eta hemen esaten denarekin konforme egon daiteke edo ez, hori da grazia.
- Ez esan inoiz "hori euskara txarra da", edo "txarto dago". Entzuten duenak txarra/gaizki/txarto entzuten du gehien bat. Hobeto "Ez da horrela esaten", "Naturalagoa da horrela...", edo "Nik horrela esango nuke..." Ezta?
- Ez eten mintzakideari zerbait kontatzen ari denean. Arrisku handia dago haria galdu eta hizkuntzari buruz hitz egiten amaitzeko. Apur bat ondo dago, baina betiko monotema aspergarri egiten da akabuan. Lagundu hitz baten bila badabil edo esaldia amaitu ezinik, baina ez eten berriketaren erritmoa.
- Ezinbesteko zuzenketak baino ez egin momentuan. Ulertzea benetan oztopatzen duten erroreak, nahasgarriak suertatzen direnak, horiek momentuan zuzendu beharko dira, baina bestela, errore txikiak badira, amaitu arte itxaron ahal da komentatzeko.
- Mintzakidearen merituak bilatu eta azpimarratu. Errorei begira ibili beharrean egin dezagun ahalegina ondo egiten duenari erreparatzeko (ez da hain zaila, ez, erroreen artean ondo esandako gauzak gehiago izaten dira). Ez dago batere soberan beraz lantzean behin loretxoren bat botatzea, mintzalagunak esperientzia positiboa izan dela sentitu dezan, eta hurrengora animo berriekin etor dadin. Dena dela ez pasatu koipea ematen!! Berari barrez ari garela pentsatuko du eta.
Zuzenketarena ez da kontu samurra mintzalagunen eta euskara ikasleen artean. Kike Amonarrizek lehengoan kontatu ziguna etorri zait akordura, Bizkaiko herri bateko guraso batek esanda: "El euskera es una lengua que todo el mundo te corrige, y cada uno te dice una cosa" (Euskara jende guztiak zuzentzen dizun hizkuntza da, eta bakoitzak gauza desberdina esaten dizu). Bai, dotrina asko dabiltza gure hizkuntzaren inguruan, eta ikasten dabilenari ez zaio batere komeni segurtasun faltsurik. Seguruenik bera izango da kapaz ondorioak ateratzeko.
Neure esperientziatik berbalagunean behintzat ez dut izaten zuzentzen ibiltzeko animo berezirik. Beharbada klase batean desberdina izan daiteke. Baliteke batzuk norbaitek zuzentzeko gogoarekin etortzea, zilegi da, baina mintzalagunak ez du zertan izan irakasle, eta irakasle papera hartzen bada, laster dator galdera madarikatua: Nola esaten da...? Eta orduan berriro pizten zait itzultzaileenganako miresmena.
Argakia: Egizu.

Azken iruzkinak