ikaslea
Existitzen dira?
Zirikteroak sare berpiztuan (aupa zuek!) Pilar Montoya irakaslearen mezua irakurri nuen lehengo egunean. Harrituta geratu zen Pilar ikasle batek euskaltegiko foroan irrati batek kontzertu batera joateko sarrerak zozketatuko zituela irakurri eta sinistu ez zuenean, ez zela benetakoa pentsatu zuen ikasleak.
Interneten sinesgarritasunaz kezkatu zen batez ere, eta horren harira galdera hauek bota zituen:
- Nire testuek ez dituzte sinesgarritasun baldintzak betetzen?
- Foroetan irakurtzen duguna gezurtzat hartzen dugu?
- Zein da nire ikaslearen mundua?
Ez zait berria iruditu sentsazio hori, Pilarrek zabaldu arte ez dakit inoiz planteatu den hala ere. Eman dituen hiru aukera horien artean gakoa non dagoen esatera ez nintzateke ausartuko, baina euskararen ikas-irakaskuntzan izan dezakegu erronka berezia. Burura etorri zaizkidan bi erreferentziarekin azaltzen saiatuko naiz.
Batetik, hizkuntzak ikasteko materialak eta testuak direla eta aspaldian entzun dudan ideia bat. Esanahirik gabeko testuak eta pertsonak, metodo eta liburuetan, funtzio didaktikoa besterik ez duten testuak eta diskurtsoak, "banalitatea", edo "absurdoaren apoteosia" bezalako ideiak. Xede hizkuntzak existitzen ez den mundu irreal eta hutsala islatzen duela azken batean.
Sarea apur bat arakatuta Widdowsonen hitz hauek aurkitu ditut artikulu honetan (pdf)
en interés de la exposición de muestras de la lengua, unos personajes representan la insistencia en lo ordinario e insignificante, una apoteosis del tópico
Ikuspegi komunikatiboaren hasieratik izan da kezkagai ikas-prozesuaren inguruko komunikazioaren hutsalkeria hori dirudienez. Honez gero gaindituta egon beharko luke baina ikasle-jendearengan esango nuke oraindik dagoela errotuta bestelako ikuspegia.
Hizkuntza ikastea ariketak egitea da, testuak irakurtzea hitzak ulertzeko, hitz egitea errorerik ez egiteko, idaztea hizkuntzaren jakintza erakusteko... eta testuinguru horretan zer,nork, zertarako, noiz eta nola esaten den bigarrengo kontua da. Ariketa eta idazlana errege dira oraindino askoren pertzepzioan, eta erresuma horren mapa gramatika kontzeptuak batzen dituzten ariketa bildumen probintziek osatzen dute.
Erraza izan daiteke oraindik esanahia, idazki eta berben balioa bazter geratzea, komunikazioa alegia. Eta ondorioz irakurtzen dena, entzuten dena, esaten dena edo idazten dena sinesgarria edo baliagarria ez delako sentsazioa.
Kantua da gogora etorritako bigarrena. Kantua baino, Negu Gorriakek Xabier Leteren Euskal Herri Nerearekin egin zuen remix hau. Anton Reixa olerkari eta musikari galiziarraren hitz hauek Leteren ahotsaren gainean:
"...mesmo algunas veces poderiamonos preguntar si existen realmente os vascos detrás de todos eses titulares de prensa"
Euskaldunok, euskara, euskararen herria ikusgarria da? Euskara ikaslearentzat ere bai. Horra ekar genezake galdera.
Bai, batzuetan galdetu egin lezake ikasleak berridazketa, betetzeko hutsune, idazlan, irakurgai, entzungai, aukera anitzeko galdera, idazteko gai-zerrenda, bideo, hiztegi edo irakasle horren atzetik euskaldunik baden benetan.
Galdetzen ote duen nago hala ere. Ikasi behar den galimatias hori pertsona batzuen bizitzaren ispilua dela konturatzen da? Konturatu nahi du? Ikasleak eta pertsona askok galdetu beharko lukete agian: euskaldunak existitzen dira?
Batzuk ezezkoa frogatuta gustura biziko liratekeela esango nuke, beste askok ez dute galderaren erantzuna erraz ikusteko modurik akaso: oihanak izkutatzen dielako, oihanean sartzeko motiborik ez dutelako edo oihaneko fauna ez delako saldo handietan eta bistan ibiltzekoa.
Lantoki bikoitza dugu agian euskararen ikas-irakaskuntzan: hizkuntza ikastea bermatzea eta hizkuntza horretan bizitza dagoela erakustea.
Heldutasuna
HEA siglekin definitu ohi dugu gure lan esparrua edo sektorea, Helduen Euskalduntze Alfabetatzea. Euskararen ikas-irakaskuntzan ari gare, baina pertsona helduekin ari gara aldi berean. Deigarriak egin zitzaizkidan lehengo egunean Nodos ELEn Emilio Quintanak bota zituen hitz hauek:
Como profesor de Español Lengua Extranjera (ELE) observo una creciente infantilización del aprendizaje (quizá relacionada con su creciente “formalización”) que está afectando directamente a la eficiencia del proceso enseñanza/aprendizaje.
Quintanak formalizazioaz dihardu neurri batean, ikaslearen kontrola, ebaluazioa eta halakoekin dute tema azkenotan. Ikaskuntza informala deritzon horretara goaz azken batean, eta The encyclopaedia of informal education gunera bideratu gaitu akabuan. Kontu hauetaz dihardugunean askotan pertsona helduekin ari garela eta Malcom Knowles-en andragogiaren ikuspegira joan gara.
Helduen ikaskuntza baldintzak deskribatzeko 5 premisa eman zituen hark:
- Autonomia: pertsona helduak bere bizitza gidatzen du, eta ikaskuntza ere bai, ondorioztatu daiteke
- Esperientzia: ibilbidea eginda dauka pertsonak, ikasteko orduan erabilgarri eta baliagarri izango zaiona.
- Ikasteko prest egongo da: inguruak eta bizimoduak ezartzen dizkion behar izanen kontzientzia izango du.
- Zertarako ikasi: ikastearen helburua zehatzagoa da, erreala, behar izanak argi markatzen dio eta ikas-prozesua arazo praktikoak konpontzera bideratzen du errazago.
- Motibazioa: heldu ahala motibazioa sistemak ezarrita izatetik pertsonala izatera pasatzen da.
Artikuluan bost puntuok aztertu eta jorratu dituzte. Beti da interesgarria gai hau apur bat egostea. Ikasle heldua zer den eta nola jokatzea eskatzen duen.
Gogora ekarri dizkit honek azken egunotako kontu bi, euskararen eta euskaren ikaskuntzaren ikuspegiarekin lotuta.
Bata, duela aste batzuk ikusi nuen proiektu bat. Han pertsona heldu batzuek euskara ikasi eta praktikatzeko begirale edo monitore bat behar zutela esaten zen. Badakizue, umeekin aisialdian aritzen duten horietako bat zen erreferentzia.
Pentsatzen hasita, monitorea umeen mundua dakarkigu gogora berehala, baina irakasle serio-zurruna, klasean gertatzen den guztiaren gobernua eta kontrola eduki behar duena ere esango nuke ez dagoela oso urrun umeen hezkuntzaren ideia batetik, beste mutur/arlo bat baino ez bada ere.
Bestea aste honetan bertan Sustatun: ETB3ko programazio berrian egunero 14 ordu marrazki bizidunekin.


Azken iruzkinak