etorkizuna

04
Ots
2011

Masa eta etorkizuna

Mintzapraktika hitza ez da berria, euskara ikastearekin lotuta dago aspaldian gainera. Baserrira mingaina askatuko zuen edabe magikoaren bila joaten ziren aintzindari haiengandik gaur eguneko mintza-berba-lagun-kideengana tradizioa ezarri dela esan daiteke.

AEK-k eta Topaguneak duela urte batzuk tradizio horri zabalkundea ematea pentsatu zuten, eta hor ibili dira berriketak eta berriketariak ugaltzen, gero eta leku gehiagotan eta gero eta jende gehiagok euskarazko hitzordua agendan.

Inbertsioa egin da horrela izan dadin, eta inbertsio horrek zer eman duen jakin beharra egon da. Euskara ikasteko baliagarria izan da? Euskara gehiago egin dadin balio izan du? Pozik egon da jendea?

Eusko Jaurlaritzaren eskutik Aztiker enpresak egin du horren peskiza, eta gaur aurkeztu digute Mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtzen ikerketa.

Hor egon dira Aztikerrekoak beraz, haien aurrean AEK eta Topaguneko ordezkariak eta HABEren zuzendaria EJren Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzaren izenean.

Eta emaitzak? Hemen duzue laburpena eta hemen txosten nagusia, ez dut dena kontatuko (apuntatzeko boligrafo barik eta memoria slot-ak beteta joan naiz).

Labur, antolatzaileak pozarren egoteko modukoak duda barik. Etengabeko hazkundea azken urteotan, hedapen geografiko zabal-zabala, asebetetze handia partaideen aldetik, eta euskara hobetu eta gehiago erabiltzen dutela hauteman dute partaide gehienek. Asmoak betetzen diren seinale nonbait. Hala laburtu dute ondorioetan Aztikerreko kideek: partaidetzak izan duen hazkundea ikusita masa-fenomeno baten aurrean gaudela esan daiteke, bistan dago jende askoren behar izanak asetzen dituen ekimena dela eta hor dagoela nonbait arrakasta sozial horren giltzarria. Horixe izan daiteke berba: arrakasta.

Pello Jauregi adituak egin du irakurketa amaieran, triunfalismoa apur bat epeltzen eta gaia kokatzen saiatu da. Honako proiektuek erabilra zabaldu dutela ezin uka daiteke, jendearen asebetetzea ere aipagarria da, baina hala ere norberaren bizimoduaren muinean ez dute sartu euskara: familian, lagunartean edo lanean adibidez. Norberaren bizitzaren atal bat betetzen dute, gustura dabil jendea, baina tarte marginala da hori nolabait. Erabilera sustatzeko botoi magikoa aurkitu duela uste duena oker dago. Dena den, mintzataldeen teknika beste arlo horietara zabaltzea apuntatu du jorratzeko ideia bezala.

Ados horretan, mintzapraktika ez da euskararen erabilera orokortuko duen soluzio definitiboa, ez dut uste hori inori bururatu zaionik ere,  baina zer ikasi batzuk eman dituela esango nuke. Beharbada euskararen normalizazioaren bidean jendearen behar izanak hartu beharko dira kontuan, behar izanak, espektatibak eta asebetetzea, poztasun apur bat eman, alegia. Euskara erabiltzea bada xede nahiz ikastea bada, eta kasu honetan biak batu dira. Kontzientziak flagelatzen edo azterketa latzak ikusmiran jarrita nekezagoa izan daiteke hizkuntza erabiltzeko gaitasuna lortzea eta hura praktikan jartzea.

Eta bistan da mintzapratikak sano laguntzen duela euskararen erabilera hedatzen, eta euskara ikasten ere bai. Bai, baina ez batean ez bestean ez da baten batek espero dezakeen botoi magikoa. Ikaskuntzaren bidean osagai garrantzitsua bihur daiteke, martxa honetan masiboa ere bai. Aintzat hartu behar diren aukeretako bat.

Ikaskuntzaz ari garela, HABEko zuzendariaren hitz batzuek eman digute arreta askori. "Mintzapraktika euskararen ikaskuntzaren etorkizuna den autoikaskuntzak behar duen osagaia da" edo horrelako zerbait entzun dugu.

Ez dakit nondik datorren ondorio hori, ez da azalpenik eman. Euskararen ikaskuntzaren etorkizuna autoikaskuntzari aitortzea, erabileraren etorkizuna mintzapraktikari aitortzearen bestekoa iruditu zait boteprontoan. Ustezko botoi magikoa, azalpen edo zehaztapen gehiagorik ematen ez den bitartean behintzat.

Askok uste dugu seguruenik euskara ikasteko erak, formatuak eta bideak aldatuko direla aurrerantzean, baina etorkizuna botoi bakarrean jartzen ez nintzateke ausartuko.

Euskara ikastearen etorkizuna euskararen erabileraren pentsuan dagoela esango nuke gehienez.

Lotura: Mintzapraktika egitasmoak, masa-fenomeno berria? (Praktikatu)

 

22
Mai
2009

Komunikazioa-inkomunikazioa

Plisti-plasta | 2009, Maiatza 22 - 10:11

Babeletik esperantora

Hasieran Lurrean hizkuntza bakarra ei zegoen. Gizakiek, baina, zeruraino helduko zen dorrea eraiki nahi izan omen zuten, bertan bizi eta herri bakarra osatzeko. Jainkok horrelakorik gerta ez zedin hizkuntzak sortu, hizkerak nahastu eta eraikitzaileak lurrazalean sakabanatu ei zituen.

XIX. mendean ‘Esperanto’ doktore poloniarrak,  tokian tokiko hizkuntzak errespetatuz,  gizaki guztiek erabiltzeko moduko hizkuntza neutrala bultzatu zuen. Ez dakit zer pentsatuko zuen Jainkok honi buruz, baliteke begi onez ikustea edo baliteke bere borondatearen kontrakotzat jotzea. Kontua da hizkuntzen eta gizakien mundua neutraltasunak baino borrokak gobernatu duela gehiago Babelgo dorrea eraitsi zutenetik.

Dena den, mendeak pasa ahala, zigor biblikoari muzin egin eta gizaki guztiok elkarri ulertzeko gogoak beti bizirik iraun du. Norberak bereari uko egin gabe. Baina horrek eskatzen zituen keriak gogorregiak izan dira.

Esperantotik C-3POra

Hara non, gure garaian gizakiak Babel berria eraikitzeari ekin dion. Internet deitu diote. Zeruan ez baina, espazio birtualean bildu nahi dituzte gizaki guztiak. Komunikazioa gune duen espazioan. Hizkuntzak sartu dituzte bertan eta hauek, betiko moduan, nor baino nor lehiari ekin diote. Baina, aldi berean, medioak eraginda, hizkuntza horien analisi informatikoa garatu da. Eta ez hori bakarrik. Adimen artifizialeranzko urrats sendoak ere ematen ari dira. Gauzen interneta aipatzen hasi gara. Internet semantikoa.  Pertsonen interneta. Badirudi gizakia ez dela izango (dagoeneko ez da) ezagutzaren subjektu bakarra.  Honek komunikazioaren arloan ere ate berriak zabaltzen ditu.

Epe ertainean, hizkuntza batean edo bestean sortutako testuak ezaguna dugun hizkuntzan jaso ahal izatea ez da ameskeria hutsa. Gainera, honek ez dio gizakiari gainkarga eskatuko, makinak egingo baitu lan bere mesedetan. Hizkuntza bera izatetik objektu, komunikazioa izatera abia gaitezke. Nola-tik Zer-era. Ondorioak ondorio (eta horiek ere aztertu beharko dira). Etorkizuna zulotxotik muturtxoa erakusten ari zaigu, hasiak gara  C-3PO sortzen. Utziko al digu Jainkok? Utziko ahal digu Jainkok!

Argazkia: Lost in translation. Eglilea: tochis (Flickr). Lizentzia

Sindikatu edukia