Kalera noa (ihesi)
Ainhoa Ezeizak blog estreinatu berrian artikulu gomendagarria eskaini zigun lehengo egunean. Gaztelania irakasle bezala Facebook nola eta zergatik erabili duen kontatu zigun, praktikatik jakintza teorikorekin elkarreraginean jardun duela erakutsi digu lehenengoz, eta hori beti da estimagarria, eta, bigarrengoz, zer pentsatua eman digu, neuri behintzat bai, eta horrek bai balioa.
Moodle-Facebook halako dikotomia baten antzean ipini ditu: formala-informala, erregistro desberdinek batean edo bestean kokatu eta landu, zein egokien. Facebook bezalako sare sozialetan norberaren alderdi informal, lagunartekoa nola agertzen den, eta hizkuntzaren ikaskuntzarako oztopo barik, tresna interesgarria dugula azken batean, testuinguru horretan kokatuta beti ere.
Eta iruditu zait hizkuntza ikasteko teknologia berriez ari garela, azken batean teknologiarekin lotuta ez dauden kontuekin egingo dugula topo behin eta berriz. Kasu honetan aurrez aurre vs. internet bezalako aukera baten aurrean, formal-informala, Irakaslea vs irakaslea, Ikaslea vs. ikaslea, ikasle-irakasleak vs. pertsonak baten aurrean baino.
Eta "kalea" hitza agertu da Iñaki Muruaren iruzkin batean, komatxo artean: "Zenbait unetan sarea "kalea" bezala hartu behar ikasleekiko harremanetarako. Parekotasunak balio lezake irakaslearen portaerak argitze aldera." Eta uste dut hor dagoela hizkuntza-irakaslearen lanaren gakoetako bat. Ez gara jakintzaren emaile edo instruktore hutsak, ezta -modernitateetan sarturik- tutore edo ikas-prozesuaren gaineko aholkulari-gidari-bideratzaile soilak ere. Pertsonak ere bagara, hizkuntza erabiltzen duten pertsonak, eta pertsonekin dihardugu, hizkuntza horretaz baliatu nahi duten pertsonekin, eta hizkuntzaren ikaskuntza gure artean maila guztietako komunikazioa eratuz, sustatuz eta errotuz bideratuko dugu besteak beste eta ezinbestean.
Hortaz, buelta bat gehiago emanda. Ez zait inoiz gustatu kalea-ikasgela bereizketa hori, baina ez dut jakin inoiz zergatik azaltzen, mania lerdoren bat izango zelakoan edo. Baina oraintxe konturatu naiz, ikasgela ere (gela fisiko ukigarri aurrez aurreko tradizionalena ere bai) "kalea" da, ikasteko eta komunikatzeko gunea, "kalea" ikasteko gunea ere izan daitekeen bezala, eta kalea bezala, etxeko egongela, hondartza exotikoa, mendi tarte bukolikoa edo troka bazter latzena izan daitezkeen bezala, fisikoak nahiz birtualak, pertsonen arteko hartu-emana eta esan-entzuna oparoak eta sentituak diren bitartean behintzat.

Interesgarria hausnarketa.
Interesgarria hausnarketa. Dena den "kalea" nioen Benito, besteak beste, ez hainbeste kontrajartzea egin nahian, ziberespazioan edo "hirugarren ingurunean" (Javier Echeverriaren kontzeptuan)gizakiak garelako baizik. Oraindik eta zorionez behintzat.
Horregatik, Tuentiri buruzko aipamen bat gogorarazi zidan Ainhoak idatzitakoak. Tuentin zer portaera izan ikasleekiko galdetu zuen batek, eta beste batek erantzun, "eta kalean ikasleak agurtu egiten dituzu?"
Kalekoak
Epa Iñaki,
Ez dut kontrajarri dituzunik adierazi nahi izan, hausnarketaren zurrunbiloan sortu ditudan kakanahasteetako bat baino ez da izan
. Alderantziz, hain zuzen ere "kalea" komatxo artean jarri baduzu nik hausnarketa egin dudan bidetik egin duzula iruditu zait. Hau da, pertsonak ere bagara, irakasleak garen bezala, kalean, ziberespazioan edo ikasgelan
Eta zure komatxoek akordura ekarri didate dikotomia tipiko-topiko hori: kalea vs. ikasgela, ikastea vs. erabiltzea batera garamatzana azken batean, eta igual benetako bereizketa (balego) formala-informala baino ez da, eta bereziketa barik gradazio bat baino ez da hori seguruenik. Hori interpretatu dut Ainhoaren artikulutik.
Dena dela, eta txapa guztiaren ostean, kontatu duzun anekdota hori ezagutu izan banu, askoz mezu laburragoa idatziko nuen, seguru eta ziertoa.
Formala vs. Informala (?)
Pozten nau eztabaida hona ekarri izanak eta horrela, bide batez, aitzakia paregabea ematen didazue gaiari buruz hizketan segitzeko.
Beharbada komunikatzeko teknologia berri hauek ezkutuan zeuden "versus" asko azaleratu dituzte. Inoiz ez naiz gustura sentitu "ahozkoa vs. idatzizkoa" edo "ulermena vs. ekoizpena" bikote sasi-dikotomikoekin, eta orain garbi dago dikotomikotik ezer gutxi dutela.
"Formala vs. Informala" bikoteak urduritxo sentiarazten zidan eta horregatik sakondu nuen duela urte batzuk. Han azaldu zen pertsonaren psikologia, testuinguru soziala eta kulturala, pertsonarteko harremanaren historia... Continuum bat dela esatera ere ez naiz ausartuko, dimentsio askori begiratu behar zaio hizkuntza-erregistroa erabakitzeko. Horregatik ez dute hain ondo funtzionatzen rol-jokoek eta simulazioek, zaila baita hizkuntza hautatzea rol topikoetan oinarriturik, ez dago elkarriketa-tipologiarik benetan, ezta sikiera ogia erostera joaten gareneko egoera xumeetan ere.
Eta, azkenik, "Irakasle vs. Ikasle", hori bai aspaldiko gezur potoloa. Lotsarik gabe aitortuko dut askoz gehiago dela ikasleek niri irakasten didatena, neuk irakasten diedana baino. Esango nuke "taldearen arduradun" izaten naizela, antolaketaz, moderazioaz, dinamizatzeaz, ikas-prozesuen behatzeaz arduratzen naizela.
Sare sozialen etorrerak nabarmenago pentsarazten dit ea zeren truke jasotzen dudan irakasle-soldata, noraino eraman behar ditudan ziberespaziora nire zeregin profesionalak. Baina horretan ere, berri askorik ez, lehenago ere orduak eman baititut ikasleekin pasiloetan hizketan, tabernan, nire lanordu "ofizialetik" kanpo.
(ez nuke jakingo iruzkin hau sailkatzen: "ni"aren erabilerak informaldu egin du, baita zenbait adjektiboren hautaketak ere, baina aldi berean hitz akademiko-profesional batzuk erabili ditut. Izan ere, ez nuke jakingo blog hau informal/formal sailkapenean kokatzen, continuum bat buruan izanda behinik behin)
Ostiral gaueko zurrunbiloaren emaitza sailkaezina beraz ;-)
Ildo nahasiak
Barkatu gaurko idazkera modua , ez da koherentea ez egoki kohesionatua (ja!) baina hain dira politak ildo nahasiak! Ideiak bururatu ahala botako ditut. Hona:
Ikasgela edo Moodle ezin dira simulazio hutsezko esparru bilakatu, eginahalak eginahala beti egongo da benetako komunikazio fluxuren bat, kontua da fluxu horrek zenbateko oparotasuna daukan. Gela kalera zabalik badago, kalean dago. Kontua da irakasle askok ateak zabaldu baino nahiago duela behatxulotik begiratu.
Txepetxen hizkuntzaren jardunbide esparruak, zirkuluak, datozkit burura , eta ikasleak. Ikasle batzuek ez dute euskara kalerako nahi. Hauek ere nahiago dute behatxulotik begiratu eta ikasgelako atea ixten denean euskara bertan utzi. Ez dute zabaldu nahi Ukan birusak sortzen duen nekea eta ezinegona euren aisialdira, euren bizitza ‘ez profesionalera’. Baina honetan ere neurriak eta neurriak daude. Zotz jokoan bezala sarritan ez dakigu eskuak zotz luzea ala laburra ezkutatzen duen eta bakoitzak izan behar du bere zotzaren luzera hautatzeko aukera. Agian, onartu behar dugu ikaskuntza informalaren eraketa ikasleari berari dagokiola gehienbat (gu ere adabegi izan gaitezkeen arren).
Gaur bertan entzun dut Esperanza Aguirrek berriro ere oholtzak jarri nahi dituela eskoletan. Estatusa bereizketa da. Zu han eta ni hemen. Baina halakoetan niri beti etortzen zaizkit eskolako Venn Diagramak gogora, maistrak elkargunea (multzo-ebaketa baino aproposagoa gaurkoan) gorriz margotzen zuen. Ikasle eta irakasleon artean ere bada zenbait elkargune, horiexek dira , agian, komunikazio gune oparoenak gainera.
Eta zer esan, Benito, Iñaki eta Ainhoa bezalako jendilajeari buruz? Eman birusaz kutsatuta zaudetela. Baina badira zenbait profesional on ogibidea aisialditik kanpo uzten dutenak, eguneko ordu jakin batzuetan bakarrik direnak irakasle eta hautu hori zuena/gurea bezain ona iruditzen zait.
Ai ama, zein ondo nengoen ni Tossako hondartzan betaurreko beltzak jantzita! ;-)
Lana antolatzeko erak
Uste dut gai honi buruz lehenago ere nonbait aritu garela, baina bilatzen ez hasteagatik... ;-)
Inoiz ez naiz jarri zenbatzen zenbat denbora eskaintzen diodan lanari eta zenbait aisiari, baina lanari mugak jarri nahi dizkionak ez dio horregatik beldurrik izan behar Facebook eta antzekoak erabiltzeari. Hain zuzen, horregatik gustatzen zaizkit halakoak txat-aplikazioen aurrean: neuk erabakitzen dut noiz noan, zein ordutan eta zer egitera.
Arazoa da "aparteko lana" dela uste denean. Nik aldarrikatzen dut hori irakaslearen zereginetan sartzea, ez erantsiz, baizik eta kurrikulumaren barruan. Ez delako denborapasa, hizkuntzaren ikaskuntzarako beharrezkoa eta gainera lagungarria delako baizik.
Sare sozialen integrazioa ikaskuntzan programatu daiteke, diseinatu, beste edozein zeregin gisa, ez dago zertan eskatu borondatez lan egitea.
Bidali iruzkin berria