22
Mai
2007

Blogak, Moodle eta enparauak

Txelisek kontu hau plazaratu zuen atzo: Moodle vs. blogak.

Asko gara momentu honetan tresna bi hauek erabiltzen ari garenak. Batzuetan lana bikoizte sortzen du eta ezin egin aurre, beste hainbatetan, esparru biei. Bataren ala bestearen aldeko apustua egin behar al dugu? Zein baztertu? Biei eutsi.

Berton hausnaketa honen erreferentzia ere eman zigun.

Gaur, Planeta Educativoren bidez beste honetara heldu naiz: Fugacidad de los blogs educativos. Berton edublog delakoen bizitzaz egin den ikerketa baten iruzkina egin digute.

Ondorio nagusia: edublogen bizitza bestelako blogen aldean askoz laburragoa dela. Kompass-en iruzkinean ideia interesgarri batzuk:

  • Blog asko perspektiba gehiegirekin abiatzen dira.
  • Bloga zer den eta zelan dabilen ondo jakiteaz gainera, oso argi eduki behar da zertarako erabiliko dugun eta etekina zelan atera. Planteamendu didaktikoetan dago sekretua, eta abilezia teknikoan soilik.
  • Blogak ez dira bizirauteko pentsatu ohi.

Moodle-n kasuan ez dakit halako azterketarik egin den, baina lehenengo ideia bietako arrisku berdinak eduki ditzake. Nire partetik, ez naiz inori zer egin behar duen esateko zale baina aholku pare bat ematen ausartuko nintzateke:

  • Ikaskuntzaren munduan bazabiltza, lehenengo pentsatu behar duzuna zer, nork, nola eta noiz ikastea nahi duzun da, gero etorriko dira tresnak.
  • Erabiltzen duen jendeak, denok hasiberriak izanda, lantzean behin euren lana erakusteaz gain (blogak, moodle plataformak...), hori dena antolatzeko prozesuaren berri ematea estimatuko lukete hasiberriagoek: pausoak, baliabideak, arazoak, egokitzapenak...
  • Ikasteko eta aukera egokienak aurkitzeko bide ona dabilen jendearengana jotzea da: euren lanak ikusi, galdetu, norberaren esperientzia kontatu...

Eta nik, ahal dudan guztietan egiten dudan bezala, gorantza dabilen kontzeptu bati erreparatzea gomendatuko nuke: interneteko sare sozialak.

Amaitzeko, dena irakurtzeko umorea eduki baduzue, pelikulatxoa sari:

Lehengo egunean Jolausek

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Maiatza 22 - 21:12-(e)an bidalia.

Lehengo egunean Jolausek bideo bikaina eskaini zigun, bertan Jordi Adell irakasleak zenbait ideia interesgarri azaltzen ditu eta Moodle-ri aipamen txiki bat egin. Hona, komentario horren harian bururatutakoa eztabaidagai:

2.0k eta zenbait joera didaktikok pertsonalizazioa eta ikasketa soziala dute oinarri eta Moodle-k?

Norabide berean ote doaz Moodle eta 2.0?

Nire ustetan kontu hau eztabaidagarria da oso; 2.0ren hiru joera aipatuko ditut: 1- Ibilbide anitzeko ikas-prozesuak 2- PLE (Personal Learning Environment), hau da, norberaren neurriko ikaskuntza guneak; sarean dauden baliabideak erabiliz norberak sor litzakeen guneak (rss, wiki... erabiliz) 3- Irakaskuntza igorketa gune bakarra (irakaslea / programa zentralizatua...) izatetik, ikaskuntza multigunea izatera (sarea alegia).

Hauek al dira, akaso, Moodle-ren joerak?

Adellek dio Moodle-k ikasgela irudikatzen duela, nolabait. Eta arrazoi du. Badu Moodle-k nolabaiteko kontzeptu murriztailea (baimenak...) irakaskuntza formalari lotuegiak, izaera hori erabat ukatu gabe ere ikaskuntza sozialaren eta pertsonalizazioaren alorrera ekartzen saiatu beharrean gaudelakoan nago. Moodle-n ere, akaso, heldu da 2.0 izpiritua sustraitzeko garaia. Buelta bat eman behar zaiola iruditzen zait, Moodle berez monolitikoa, itxia eta gune bakarrekoa izateko arriskutik atera eta 2.0ren paradigmara lerra dezagun.

Moodle-ekoak

Benito-(e)k 2007, Maiatza 23 - 02:40-(e)an bidalia.

Adellen bideoa osorik ikusteko nabil aspaldian eta ez naiz jarri oraindino. Zatitxoren bat baino ez.

(bide batez, zergatik kostatzen zait hainbeste sarean bideo luzeak eta podcast-ak entzutea? Zuei pasatzen zaizue? Teorian irakurtzea baino errazagoa izan behar luke, baina neuri behintzat gehiago kostatzen zait)

Ikusi dudan apurragatik, eta sarean irakurri dudan bat edo bestegatik (Jolausena barne) belaunaldi berriak beste era batera datozkigula dirudi. Guretzako gauza handiak diren batzuk, haientzat normalak eta egunerokoak izaten hasi ei dira.

Arazo bat: guk helduekin egiten dugu lan, gero eta helduagoak, Bat 62n Txabarrik eman zituen datuei kasu eginez gero behintzat. Arrakala digitalak gure ikasleetariko asko alde batean harrapatu ditu. Erremedioa eduki, edukiko du, baina ez da erraza izango.

Aipatzen dituzun hiru joerak konektibismoa eta eLearning2.0 delakoa ari dira predikatzen aspaldion, eta horretarako tresnak bilatzen. Moodle gaur egun ezagutzen dugun modura, esan duzun bezala, ez da horra jotzeko onena seguruenik. Baina, kontuz! Software-ak zeozer frogatu badu urteotan eguneratzeko eta eskakizun berriei erantzuteko erraztasuna izan da, eta Moodlek atzetik daukan komunitatearekin ez litzateke harritzekoa izango funtzionalitate eta aukera berriak atoan zabaltzen hastea.

Hori bai, gaur gaurkoz neuri behintzat apur bat zurruna egiten zait, zuk diozun modura, ikastalde itxi bati begirakoa. Eta haren funtzionalitateek (wikiak, foroak, blogak orain,..) daukaten abaintaila nagusia instalatzeko (besteen aldean behintzat) oso zaila ez den plataforma batean kokatuta egotea da. Bestela, beste tresna batzuekin (zerbitzarikoak zein 2.0) askoz aukera gehiago dauzkazu sarritan. Konparatu adibidez Moodle-en wikia eta wikispaces. Eta CMS modura Drupal honek adibidez askoz malgutasun eta potentzia gehiago dauka, hortxe daukazue Drupaled adibidez.

Edonola ere, nire lagun batek dioen legez, "atrakaixu batela!". Hemendik urte batzuetara begira aukera horiek aintzat hartzekoak izango dira, baina gaur egun irakasle gehienok teknologiaren kontu honetan sartu berriak garela, Moodle transizio horretarako oso tresna baliagarria izan daiteke duda barik. Probatzeko eta teknoendredoetan trebatzeko. Baina bitartean alboetara ere begiratuta.

Ekaineko Moodlemoot horretan hausnartzeko kontua izango da hau guztia duda barik.

Atrakaixu batela

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Maiatza 24 - 08:44-(e)an bidalia.

"Zergatik hainbeste letter Europatik, aitona? galdetu zidan orduan bere school horretan erakusten dioten english dotorean"

Gogoratzen "bi letter"? Etorkinak jasotzen duen eraldaketa kulturalaz dihardu (zeinean hizkuntza isla den), besteak beste.

Bada, zureak: "Zergatik kostatzen zait hainbeste sarean bideo luzeak eta podcast-ak entzutea?" horixe ekarri dit gogora (agian, oso oker nabil)

Kontua da medioak (Amerika kasu batean, Internet bestean) estrategia kognitiboak eragiten dituela.

Liburuaren kulturatik (luzea eta norabide bakarrekoa) postaren kulturara pasatzen ari gara (laburra eta norabide anitzekoa, erantzun azkarrekoa...) eta gu jatorrizkoak ez bagara ere, ari gara jasotzen garai berri honen eragina: Atxagaren aitona bezalakoak gara batzuk (Wonderful?).

Kontu hau ez da hutsala, nik sarritan begiratzen diot lankide bati: ez ditu maite artikulu luzeak, ezta maketazio garbirik gabekoak, nekez bukatzen du liburu baten irakurketa, paragrafo laburrak eta menpekotasun gutxiko esaldiak maite ditu, eginez ikastea gustatzen zaio, ez ditu gauzak bata bestearen atzetik ikasten, ordenagailu aurrean dagoenean nirekin, "klik" egiten du saguarekin zerbait erakusteko nabarmenduz... nik "mestizoa" dela esaten diot.

Hasieran, ulertu ez, eta gaixotasuna zela uste nuen, "webitis" deitzen nion baina konturatua naiz aspaldi ez dela gaixotasuna, medioak berak eragindako estrategia kognitiboan aldaketa baizik.

Badakit oraindik ere honelako ikasle gutxi ditugula baina gero eta gehiago izango ditugu, batez ere, autoikaskuntzan gabiltzanok eta fenomenoa ulertzen saiatu beharko dugu, eragina izango baitu ikasteko moduan, baita hizkuntzan ere.

Beraz, ez dakit zure kasua den Benito baina argi daukat eraldaketa hau gertatzen ari dela nabigazioari esker... ez dakit, jadanik, batela atrakatzeko gai izango garen!

 

Touche

Benito-(e)k 2007, Maiatza 25 - 00:54-(e)an bidalia.

Neuk ere ez daukat dudarik. Batelak ihes egingo digu laster batean. Baina arinegi abiatzen badugu ez ote gara barruan bakarrik geratuko? Edo hainbeste lagun lehorrean utziko?

Estrategia kognitiboen kontua ekarri duzula, neure inpresio-sentsazio pertsonalekin jarraituta. Egunean inoiz baino gehiago irakurtzen dut, pantailan, baina ez dut paperaren gaineko irakurketan alderik nabaritu. Areago, esango nuke irakurtzeko erraztasuna irabazi dudala azkenotan, pantailan nahiz paperean.

Harrigarria egiten zaidana beste kontu bat da. Gu, n-belaunaldikoak izan ez arren, ez gara paperaren belaunaldia, ez, ikusentzunezkoen munduan hazi gara. Hau da, telebista, irratia, kasetoarekin hazita gaude, edo komikiarekin. Horrela bada, erraztasuna eduki beharko genuke podcast eta sareko bideotan murgiltzeko. Baina niri neuri kostatu egiten zait. Agian neure kasua baino ez da, baina paradoxikoa egiten zait.

Akaso testu idatziak kontrolatzeko aukera eta estrategia gehiago ematen digu? Ez dakit, ez dakit. Baina inon irakurrita nago podcast-ek ez dutela izan espero zen arrakasta.

Dena dela, igual hainbete buruhauste eta arrazoi bakarra Euskaltelen konexio osti hau baino ez da. Bideoak saltoka ikustea ere ez da atseginena izaten ba!Tongue out

Beste alde batetik, zure gogoetako puntu bat ez nuen aurrekoan komentatu, eta azpimarragarriena dela uste dut. Moodle-ek ikasgela irudikatzen duela hain zuzen ere. Irakasle askori nago entzunda azkenotan taldeak gero eta hetereogenoagoak direla, programa bakarra eramatea gero eta zailagoa dela.

Ikasgela-ikastaldearen eredu klasikoa sartu da krisian nire iritziz. Ez taldean ikastea, baina bai beti ikasgela batean, ikastalde batean, kide guztientzako jarduera berdinekin, irakasle batekin, maila batean... "batasun" hori txikitzen hasi dela alegia. PLE sigla horiek teknologiarekin ez ezik kontu gehiagorekin daude lotuta nonbait.

Eta zantzuak berton dauzkagu, eta ez dugu jakiten oso ondo zer egin, eta... teknologiak hori konponduko digula uste izaten dugu, eta teknologia berriekin gainbehera dabiltzan kontzeptuak aplikatzen badira...

moodle eta PLE

ainhoa (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Ekaina 29 - 21:46-(e)an bidalia.

Konturatuta nago hilabetea pasa dela zuen eztabaida honetatik baina aitortu behar dut burua beste leku batean nuela, jakingo duzuen bezala. Orain, moodlemoota amaituta eta oraindik bixamuna gainean dudala, ekarpen txikia egin nahi nuke moodlezale amorratua naizen aldetik.

Web 2.0 mugimendua eta moodle ez dira inolaz ere elkartezinak; horren adibide ona duzue Euskal Jakintzakoena. Moodle, aipatu duzuen bezala, ikasgela da, ikastaldea, eta nolabait esateko tresna mistoa da, eduki kudeatzailea, sare txikien sortzailea eta taldearen intimitatean lan egiteko gunea. Web 2.0 mugimendua publikoa da, erabat irekia eta irakaslearentzat kudeatzen zaila, ez baita hori helburu.

Gertutik segitzen ari naiz PLEri lotutako aurrerapausoak eta ematen du bidea dela moodle bezalako plataformak norberaren ingurunearen parte bat izatea, alegia, gure interneteko esparruan sartu eta bertan izango ditugu blogak, wikiak eta enparauak eta horien artean, gure ikasgelak.

Dena dela, ados nago zuekin esaten duzuenean hori dela nolabait guretzat IKTetarako transizio erraza, alegia, bat-batean sare zabalerako pausoa eman aurretik, ingurune kontrolatu eta mugatu bat behar dugu ondoren prozesu konplexuagoak ulertzeko. Beharbada 5 urtetan ahaztuta izango dugu moodle, baina oraingoz moodle-ren inguruan eraikitzen ari den komunitatearen babespean gozatuko dugu, moot-ean egin genuen bezala.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia