!name-ren blog-a
Eitb nahierara, baina jaitsi gabe
Aspaldian aipatu genuen hemen Eitb-ren webgunea ikus-entzunezko dokumentuen iturri handia izan daitekeela euskara irakasleontzat. Bai, txukunagoa, ordenatuagoa akaso, erakargarriago eta txuloagoa askorentzat, baina dokumentu-iturri izateko arazoak izango ditugu hemendik aurrera.
Irrati saioak mp3 formatuan eta bideoak mp4-n jaisteko aukera ematen zigun lehengoan, eta orain ez eitb.com-en, ez eitb.tv berrian ez da aukera hori zuzenean agertzen, eta edukiak babestuta daudela ematen du gainera. @garagarra-k oharatarazi digu tweet honetan.
Badirudi audioa eta bideoa RTMP protokoloan eskaintzen direla orain, beste telebista kate askok egiten dutenaren antzera, bideoak jaitsi edo kopiatzea eragozteko asmoz. Eta horrek konexio barik erabili behar dituztenei oso zaila jarri die jaistea eta beste leku batera eramatea, klasera esate baterako.
Bila ibili naiz, eta ez dut alternatiba errazik aurkitu. Eitb.tv-tik ("nahierara") programa hau erabilita jaitsi daitezkeela dirudi, ez eitb.com-etik ordea. RTMP protokolo horretan eskaintzen diren edukiak jaisteko beste alternatiba batzuk daude munduan, baina ordenagailuen erabiltzaile arruntarentzat konplikatuak edo astunak izan daitezke gehienak.
Audioei dagokinez, lehengo podcast-ak mantentzen dira, eta hortik bai, mp3 formatuan jaitsi daitezke edukiak, behar dugun entzungaia podcast-etan badago behintzat.
Bideoei dagokienez, lehen aipatu dudanaz gainera, ingelesezko bertsio honetan lehengo interfazea gorde dute, eta bideoak jaisteko aukera zuzena mantentzen da, baina erdarazko bideoak dira dirudienez.
Tira, ikus-entzunezko material horiek konexiorik gabe erabili behar dutenentzat jaitsi eta leku batetik bestera eramateko aukera gehiago edo errazago ezagutzen badituzue eskertuko dizuegu jakinaraztea. Hemen behintzat ez dute azaltzen.
Konoaren bueltak
Duela lau urte Dale-ren konoaren aipamena egin nuen hemen, sarean zebilen irudi bat ekarri nuen hobeto esanda. Dale-k hobetoen zer ikasten dugun azaldu nahi izan zuen konoaren figura horrekin, eginaz ikastearen balioa azpimarratuz eta ikaskuntza instrukzio hutsetik harago joan behar duela nolabait adieraziz.
Gaur Clarión blogean jakin dut orduko irudi hura ez dela Dale-ren benetako konoa, enpresa batean 1967 inguruan hango batek egin zuen bertsio librea baino. Dale-ren figurari kuantifikazio batzuk gehitu zizkioten irudi serioago, zientifikoago eta "enpresarialagoa" eman guran. Badakizue enpresa munduan zenbat gustatzen diren grafikoak, portzentaiak eta zenbakiak oro har.
Zenbakietatik aparte ez bide dago alde handiegirik Dale-k adierazi nahi zuen ideiaren eta bertsio kuadrikulatuaren artean. Ikaslea ikasgaiaren esperientzian eta errealitatean zenbat eta inplikatuago ikaskuntza eraginkorragoa. Hizkuntzaren arlora ekarrita, hizkuntza zenbat eta gehiago erabili, erabilera hori ikaslearentzat zenbat eta baliagarriago, emozionalago, asebetegarriago eta esanguratsuago; hobeto, arinago eta gusturago ikasiko da nonbait.
Clarióneko artikuluan konoaren bertsio propioa egiteko bidea proposatu digute bestalde. Edozein ikastaro edo ikas-aktibitatetan aplikatu daiteke, formulario baten bidez ikasleei nola ikasi duten gehiago galdetu ahal diegu. Proba egin zuten eta emaitzak Dale-ren jatorrizko konoaren ideietara hurbildu zirela ikusi zuten.
Pentsaten jarri naiz nola egin litekeen horrelako bat euskara ikasleekin, eta duda bat etorri zait. Gure kasuan ikasleek erantzungo lukete praktikan eta hizkuntzaren erabileran murgilduz gehiago ikasten dutela? Ala instrukzioak, azalpenak eta jarduera mekanikoek pisu handia hartuko lukete?
Alegia, hIzkuntza ikastea hizkuntza horrekin gauzak egiten ikastea baino hizkuntza hori "kontrolatzea" eta "ezagutzea" delako ideia beste arlo batzuetan baino zabalduago ote dago gurean?
Beti etortzen zait gogora ikasle batekin gertatutakoa, egun batean klasean, halako digresio linguistiko-filologiko baten ostean ikasle hark: "Zenbat ikasi dugu gaur!"
Irudia: Cono de la experiencia (Wikimedia). Egilea: Jgaray.
Hartu, eman, jardun, itzuli
Soziolinguistika Klusterraren Jardunaldiaren apunteak (kronika kategoriara ez naiz altxatzen ausartzen) izan dira hemen idatzi dudan azkena, eta sarean agertu zen lehenengo erreferentzietako bat izanda, gehiago etorri dira gerora, kronikagile profesionalen eskutik batzuk, antolatzaileek eurek eginda beste batzuk..
Arratsaldeko azken saioan jardun nuen Julen Arexolaleiba, Jacqueline Urla eta Txerra Rodriguezekin, Arkaitz Zarragak mahaiaren bueltan jarri zizkigun dibulgazioa, prestakuntza eta soziolinguistikaren hedapenaz.
Berriki argitaratu den Soziolinguistika Eskuliburua izan zen abiapuntua nonbait, soziolinguistikaren ezagutza, kontzientzia eta haren gaineko hausnarketarako tresna izateko asmoa duena. Eta liburua dela eta ez dela airean ibili zen liburu formatuaren egokitasuna jorragai eta hausnargai. Prestakuntzan eta dibulgazioan liburuak zer funtzio eduki dezakeen saiatu nintzen kokatzen, Europako Erreferentzia Markotik* hartutako ideia bati tiraka.
Kroniketako batean, Argian hain zuzen ere, hau irakurri dut berriz: "Soziolinguistikaren hedapen zabalerako liburu formatuaren egokitasuna zalantzan jarri zuen hainbatek, tartean AEK-ko irakasle eta blogari Benito Fizek."
Tira, onartu behar dut ideiekin txiribuelta pare bat egin nituela, eta akabuan erraza izango zela hori ulertzea. Bloga edukita damu publikorako ez ezik, kaparrada apur bat gehiago emateko ere aukera dugunez, saiatuko naiz ideia berriro ekartzen.
EEMri buelta pare bat ematen ibili naiz azkenotan lan kontuak direla eta. Hainbeste urte hor bueltaka eta sarean eskegita ere bai, eta orain arte harek dakarrenaz gutxi egin da berba, ez bada A1...C4 sekuentzia horrekiko baliokidetzeak eta adiskidetzeak aldarrikatzeko, gehinetan zenbat euskara dakizun esango dizun titulu horrentzat berme eta lustre europarraren bila.
Arreta ematen duen lehenengo gauzetako bat orain arte "trebetasunak" deitu diren horien (ulermena, mintzamena, irakurmena, idazmena laukote klasikoa) aipamen zuzenik ez aurkitzea. Taularen batean aurkitzen dira terminook, baina ez haien azalpenik ez haren kokapenik markoaren oinarrizko enkoadrean. Haiengandik hurbilenik "hizkuntz jarduerak" bataiatuta beste laukote bat aurkitu daiteke: harrera, ekoizpena, elkarreragina eta bitartekotza. Hizkuntzarekin egiten direnak sailkatzeko onarria.
Hortik ahozko eta idatzizko kanalaren presaren arabear bederatzi ataleko azpi sailkapena dugu: ahozkoaren ulermena, idatzizkoaren ulermena, ikus-entzunezkoaren ulermena, ahozko adierazpena, idatzizko adierazpena, ahozko elkarreragina, idatzizko elkarreragina, ahozko bitartekotza eta idatzizko bitartekotza. Honek antz handiagoa hartzen du laukote tradizionalarekin, bere barne hartzen du akaso, baina luzatu ere bai. Sailkapen horren arabera maila bakoitzaren gaitasun maila deskribatzen da ondoren, komunikazio-jarduerak deitzen direnak.
Berrikuntza izan daiteke banaketa hori, gurean behintzat bai, eta deigarria gaur egun arte terminologia hori helduen euskalduntzean apenas agertu ez izana. Tira, ez gara horretan sartuko dena dela.
Hasierako hizkuntz-jardueren banaketari tamaina hartu nahian, saiatu nintzen bizitzan hizkuntzarekin egiten ditugun gauzak kokatzen, eta kate moduko hau ikusi nuen adibidez: norbaitek artikulu bat idatzen du (idatzizko adierazpena), norbaitek irakurtzen du irakurri behar den modura (idatzikoaren ulermena), irakurri duen horrek irakurri duen beste batekin komentatzen du autobusean (ahozko elkarreragina) eta Twitter-en (idatziko elkarreragina), euskaraz ondo ez dakien bati azaltzen dio hark "zer zabiltza irakurtzen?" galdetuta (ahozko bitartekotza), eta gaztelaniaz egiten du erreseina bat (idatzizko bitartekotza).
Bai, hizkuntz-jarduerak edo komunikazio jarduerak ez datoz solte. Artikulu horren bidea ez zen amaitzen batek idatzi-beste batek irakurri zirkulu horretan, ez, bide asko daude irekita, eta artikuluarekin lortu nahi zen hedapena seguruenik zabalagoa izan da beste jarduera horiei esker (hartaz berbaz edo idatziz jardutea, beste hizkuntza edo formatu batzuetara ekartzea) irakurtze huts eta garbiarekin baino.
Ideia erakargarria, akaso EEMren interpretazio oso pertsonala, baina jokoa ematen du prestakuntzaz eta dibulgazioaz hausnartzeko.
Zer lotura dauka honek bada liburuekin, dibulgazioarekin eta prestakuntzarekin? Uste dut artikuluaren adibide horrekin barruntatu daitekeela. Kendu artikulua eta jarri liburua. Dibulgazioa, prestakuntza edo jakintzaren hedapena asmo duen liburu batek asmo horiek beteko ditue lehenengo eta behin baten batek liburua irakurtzen badu, baina nire ustez, komunikazioaren katea hizkuntzaren beste jarduera batzuetara hedatu behar da eraginkorra izango bada.
- Liburuak dioenaz ahoz eta idatziz jardun. Irakurri duzuna (dena irakurri ez arren) komentatu, konpartitu, bueltak eman.
- Liburuak dioena praktikara ekarri praktikan kokatu eta irudikatu. "Ekintza bidezko ikuspegia" aldarrikatzen digu EEMk, hizkuntzak gauzak egiteko orduan hartzen duela zentzua nonbait. Beste ideia interesgarri bat.
- Liburua eraldatu, haren edukia beste "hizkuntza" batzuetara ekarri: grafikoak, laburpenak, eskemak, aurkezpenak, ikasmateriala... laburtu, luzatu, egokitu, "itzuli".
- Liburuak dioena ahoz kontatu. Badakizue, hitzaldiak, klaseak, saioak, azalpenak...
Hori zen zabaldu nahi nuen ideia. EEMko laukote horretatik ideia hartuta: ekoitzi eta hartu bai, baina jardun eta "itzuli" ere bai, etengabeko katean. Dibulgaziorako liburua bere asmoa beteko du komunikazioaren katean "dibulgatu" ahala, hedatu ahala. Eta horretarako bideak jartzen badira, hobeto.
Hortaz, dibulgaziorako eta prestakuntzarako ez dut liburu formatuaren egokitasuna kolokan jarriko. Baina liburua argitaratzea eta hura irakurtzea ez da nahikoa (eta azken hau erraza ere ez, egia esanda).
Betor hau guztia aste honetan HABEtik etorri zaigun Itzulpen saileko azken alearen harira ere. Penny Ur irakaslearen A Course in Language Teaching Trainee Book itzuli dute: Hizkuntza-irakaskuntzarako ikastaroa. Bitartekotza deitzen den hori egin da, testua itzuli eta gure hizkuntzara ekarri. Irakasle berrien prestakuntzari begira egin da itzulpena dirudienez. Katea aktibatu egin beharko da nonbait.
* Scribd-era igo dut ordenadorean eduki dudan pdf ale hori. Izan ere, EEMaren euskarazko bertsioak desagertu egin dira saretik, orain arteko lotura gehienak behintzat ez dabiltza. Akaso beste nonbait jarri da eta ez dut jakin, baina ez dut aurkitzerik lortu.
Argazkia: Still Life with Plato. Egilea: Rander Pederson. Lizentzia.
Lubakirako argia
IV. Soziolinguistika jardunaldian izan nintzen atzo. Ez da lehenengo aldia Klusterraren ekitaldi honetan partaide naizena, oraingoan pulpituan ere eduki dut txokotxoa berriz.
Soziolinguistikaren dibulgazioa, zabalkundea, prestakuntza eta halakoen inguruan ardaztu da aurtengo ekitaldia, eta edukietan ez ezik, formatuetan ere berrikuntz batzuk probatu nahi izan dira. Ez dut kronika zehatzik egingo, materialak ere seguraski laster izango dituzue sarean, Klusterrekoek ohi duten bezala, eta han jasotako ideia batzuk ekartzen saiatuko naiz.
Politikarien ohiko sarreraren ondoren Xamar jarri zen mikrofonoaren aurrean, bakarrik ez baina. Ohiko hitzaldi-speech-aren ordez Klusterreko Belen Urangak hartu zuen elkarrizketatzaile papera, zuzeneko galdera-erantzun saio publikoa izan genuen alegia, ordubete luzeko elkarrizketa.
Irakaslea da Xamar, eta euskara irakasleen edo euskaraz diharduten irakasleen lanaz metafora belikoa egin zuen: "Irakasleak aurkitzen du hizkuntza-gatazakaren lehenengo trintxera". Irakaskuntzan edo hizkuntzan ari garenon aspaldiko sentsazio bati jarri dizkio hitzak Xamarrek seguraski, abangoardiako fronte batean ari gara, euskararen mugetan nonbait. Horrek dakarren higadura emozional, motibazional eta fisikoa ere bai ezagunak ditugu honez gero. Xamarrek mahai gainean jarri zuen, eta hala ere nago euskalgintza edo dena delako mundu-sektorean horren pisua eta garrantzia ez dela behar beste aintzat hartu garapena, ikerketa edo gogoeta egiteko orduan. Deigarriago zenbat euskaltzale profesionalek ere jardun duten inoiz irakaskuntza lanetan jakinda.
Xamarren ideia horrekin geratu nintzen. Ondoren kultura eta jarreren inguruan ere jardun zuen. Berrian irakur dezakezue gehiago.
Hausnartu sariak eman ziren gero, eta lanen egileei tartetxoa utzi zitzaien haien berri emateko. Bat aldizkariaren 78. zenbakian daude jasota. Sarien hurrenkeran atzekoz aurrera Patxi Juaristik Euskal soziolinguistika aplikatua: bilakaera metodologikoa eta teknikoa lehenengo. Ikerketa soziolinguistikoen historioa aztertu du, eta ondorioetan, nik ulertu nuenaren arabera, haren ustez ikerketa eredu kritikoaren faltan gaude, partaideak inplikatzen eta erakaldaketan jartzen duen eredua. Ideia interesgarria iruditu zitzaidan benetan, ikertua partaide egitea, ondo ulertu banuen behintzat.
Galder Unzalu deustuarrak Sugea dantzan: She's in fashion-etik Bilbao euskaraz-era bigarren. Bilbon espazio publikoaren diseinu eta kudeaketa publikoa eta hizkuntzak zein komunikazioak duen lekuaz paralelismoa ezartzeko ariketa bitxia eta interesgarria egin zuen. Komunikazioa ezinbesteko du hizkuntzak, eta komunikaziorako espazioak eta aukerak Bilbo batean murrizten ditu politika urbanoak berak, euskaldunok komunikazio espazio publiko horiek konkistatu behar dugu nonbait. Beste ideia interesgarri bat duda barik.
Luis Azpiazu irakasleak jaso du lehenengo saria Gazteak, musika eta euskara lanarekin. Arrasateko Arizmendi ikastolan egin zuen ikerketa lana, euskara eta euskal munduaren erreferentzia kulturalak gazteek nola ikusten dituzten musikaren bidez. Egilea bera ez zen bertan egon, eta haren lanaren pasarte batzuk irakurri zizkiguten. Badirudi gaur egun euskara indarra galtzen hasita dagoela gaztetxoen erreferentzia musikalen artean, "euskal musika" topiko edo gune zehatz batzuekin lotzen ari direla. Seinale kezkagarriak nonbait.
Goizaren errematea lan-saioa deitu zutena izan genuen. Formatu esperimentala jarri nahi izan zuten praktikan hemen. Mikel Zalbidek "Teoriari tiraka, diglosiaren purgatorioaz" izenarekin emangio zion gaiari sarrera, eta bertan beste hiru adituk emango zioten erantzuna: Paula Kasares, Iñaki Martinez de Luna eta Estibaliz Amorrortuk (azken hau ezin etorri izan zen azkenean).
Diglosia kontzeptuaren historiaz eta adierak argitu nahian hasi zen Zalbide, terminoa adiera desberdinak dituela, beti ez direla bat etortzen eta halako adiera kolokiala dabilela hor nonbait zabalduta egokia ez dena (trenari abioia edo abioiari trena). Martinez de Lunak eta Kasaresek eman zioten segida eztabaidari, eta gauza interesgarriak entzun ziren, baina uste dut askori geratu zitzaigun sentsazioa eztabaida bizantino baten aurrean egon ginela. Gaiak (diglosiaren adierak) ez duela hainbesteko garrantzirik, edo ez zitzaiola oratu gaiaren muinari (noraino heldu behar dugu: elebistasun orekatu, deskorekatu edo zer bateraino?).
Ideia batekin geratu nintzen hari horretan: diglosia hitzak adiera kolokiala hartu badu, bistan dago hemen badagoela halako soziolinguistika popularra deitu daitekeen zerbait, hau da, dibulgazioak funtzionatu du nonbait gurean, termino tekniko bat adituen hizkeratik euskaltzaleen hizkerara ailegatzeraino. Ez gara 0tik hasten beraz.
Bazkalorduan zer hausnartu eduki genuen beraz, eta arrastiko txanpari ekiteko modua. Kataluniatik etorri eta Jordi Solé i Camardonsi egokitu zitzaion bazkalosteko modorraren erremedioa izateko beharlekua. Katalanez aritu zen Solék bat-bateko itzulpen zerbitzuarekin, askok erabii ez genuena gure osagai latinoari esker. Katalunian soziolinguistikaren dibulgazioa arlo ezberdinetan nola jorratu den kontatu zigun, hezkuntzan bereziki, hango kezkak eta irtenbideak. Ideia asko eta ni bati erreparatu nion, hizkuntzaren egoera, erabilera eta izaera soziala hizkuntzaren partea ere bada, eta hala zabaldu behar da, hizkuntzaren erabilera ez da soilik egin beharreko bat, ezagutu beharrekoa ere bai adibidez. Hizkuntzaren aldeko lanarentzako ezinbestekoa ia. Hala, ikas-programetan ere txertatu izan dira osagai soziolinguistikoak. heziketa soziolinguistikoa edo deitu daitekeena. Euskara ikasten duenarentzako "curriculumetan" horrek zer leku duen jorratzeko gaia dela esango nuke.
Jardunaldiaren errematea Txerra Rodriguez, Jaqueline Urla, Julen Arexolaleiba eta lauron esku geratu zen, Arkaitz Zarragak gidatuta soziolinguistikaren dibulgazioak jarduteko jarri gintuzten mahaiaren atzean mahai-inguruan. Duela gutxi argitaratu de Soziolinguistika eskuliburuaren koordinatzailea izan da Arkaitz eta hura izan zen jardunaren abiapuntua.
Mahaian egonda eta memoria txarraren jabe, zurrunbiloan ideiak oraindik. Baten bat ekartzearren, uste dut bat etorri ginela soziolinguistika euskararen normalizazioarekin lotuta gehien bat, arlo desberdinetara zabaldu beharreko jakintza eta gogoetagaia dela: euskararen profesionalen artean, euskaltzale konprometitu edo militateen artean, eta jendartean oro har. Bakoitzena bere mailan, formatuetan eta kanaletan. Urlak esan zuen modura, gure muga linguistiko, sozial eta politikoetatik harago ere eman behar da euskararen berri "soziolinguistikoa": euskara zertan den, zer eta zergatik ari garen egiten eta euskal-komunitatearen ikuspegi sozial hori zabaldu nonbait.
Bistan da lehenengo lubakian dabiltzan horiek zeren aurrean dauden ulertu eta hari ekiteko estrategiak eta taktikak aurkitzen laguntzeko tresnak eta mapak eskertuko lituzketela, lubakitik inoiz irten ahal izateko besteak beste.
Denboraren kontra
"Aprender euskera en 80 horas". Hala esan dit Google Readereko lerrokada batek. Badakizue Interneteko irakurketaren lehen pausoa testu laburren zerrenda baten aurrean jarri eta haietatik irakurtzeko deseatzen egon zaitezkeenaren pista ematen dizutenak diskriminatzea izan ohi dela, dela agregatzilea, dela hedabide digitalaren titularren zerrenda, dela Twitter edo Facebook bezalakoetako timeline-a. Ondoren link koloreko titular horien gainean sakatuta zapuztu edo puztu egingo zaizkizu ilusioak.
Titular horrek irakurtzeko ilusioa piztu dit bada. Egia esanda ez dut espero izan gure harri filosofala aurkitzerik, ez. ez da hori nire ilusioa izan, euskararen edo euskara ikastearen gainean azken WTFarekin gozatzea baizik. Eta azkenean ez bata ez bestea. Titulargintza profesionalen tranpa batean jausi naiz, besterik gabe.
Lerro horren atzean Iruñeko Arturo Campion euskaltegiaren ideia bat egon da, baina ez euskara ikasteko metodo definitiboa, ezta xelebrekeria baskonikorik ere. Krisiaren ondorioz denbora tarte handiagoa dutenentzat euskara ikastaro trinko, labur eta merkea. Albistea irakurrita ez du ematen IKAkoek horrelako titularra eman dutenik, hau da, ez dute adierazi nahi izan euskara 80 orduan ikasi ahal denik. Esan bezala, titulargileen trikimailu linguistiko batera garamatzate zantzuek.
Euskara ikasteko denboran ez da hainbesteko murrizketarik gertatu derrepentean.
Zenbat denbora behar da hizkuntza ikasteko? Galdera hori ez da izango hausnarketa pertsonal edo kolektiboetan sarri plazaratzen den gogoetagaia. Bai, ordea hizkuntzaren irakaskuntzan diharduten erakundeen harrera bulegoetako FAQen osagai ezinbestekoa esango nuke: Zenbat ordu-egun-aste-urte-diru behar da hizkuntza hori ikasteko? Eta ez dut uste inon "80 ordu" izan denik erantzuna, beti ere hizkuntzaren ikas-prozesu osoari buruz ari bagara, noski.
Gurean adibidez, seguru nago erantzuna orduetan formulatuta lau digitutik gorakoa izango dala gehienetan, 1000 ordutik gora alegia.
Eta gogoratu dut lankide batek behin beste lankide baten lagun baten ezagun batek esan ei zuena. "Euskararen irakaskuntza iruzurra da". Hala heldu zitzaidan ggb katea horren katabegi horiek guztiak pasatuta.
Zertan da iruzur hori bada? Ez zioen azkenotan prentsa serioan euskararen gaineko albisteetako iruzkin serioetan azkenotan agertzen den "euskara negozioa baino ez da" lelo horregatik, ez (sentitzen dut halakoak zabaltzen dituztenei oihartzunik ez ematea). Hizkuntza ondo dakizula esateko moduko maila batera ailegatzeko ibilbide "komertzialaz" ari zen. Gurean eskaintzen diren modulazioak eta ordu kopuruak eskandaluzkoak ziren beste hizkuntza batzuetan ikasteko eskaintzen denaren aldean.
Ez dut helduentzako hizkuntza ikastaroen eskaintza ondo ezagutzen, ez naiz aztertzen hasi ere. Entzunda nago ingelesa edo frantsesa ikasteko zentro eta akademietan modulazioak eta klase-denbora gurean baino askoz laburragoak izaten direla. Gogoratu dut bidenabar, orain estandarra dugun modulazioa (astean 8-10 ordu urte guztian) lehenagoko batean (30 urte?) "ikastaro trinkoak" zirela. Ohikoa gau-eskoletako eredua zen nonbait, hizkuntz-akademietatik hurbilago.
Euskara ikasteko denbora luzatuz joan dela pentsa daiteke. Arrazoiak egongo dira, eta ez dut uste arrazoi komertzialak izan direnik. 80 orduan ikastera ez gara helduko, ez gu ez inor, baina efikazia eta efizientzia neurgailu jartzen badira, oraingo denborak zelan murriztu pentsatu beharko litzateke akaso.
Ikasteko denbora laburtu, ez ikastaroen luzera bakarrik, noski.
Argazkia: one face, 24 hours. Egilea: Camil Tulcan (Flickr). Lizentzia.
Existitzen dira?
Zirikteroak sare berpiztuan (aupa zuek!) Pilar Montoya irakaslearen mezua irakurri nuen lehengo egunean. Harrituta geratu zen Pilar ikasle batek euskaltegiko foroan irrati batek kontzertu batera joateko sarrerak zozketatuko zituela irakurri eta sinistu ez zuenean, ez zela benetakoa pentsatu zuen ikasleak.
Interneten sinesgarritasunaz kezkatu zen batez ere, eta horren harira galdera hauek bota zituen:
- Nire testuek ez dituzte sinesgarritasun baldintzak betetzen?
- Foroetan irakurtzen duguna gezurtzat hartzen dugu?
- Zein da nire ikaslearen mundua?
Ez zait berria iruditu sentsazio hori, Pilarrek zabaldu arte ez dakit inoiz planteatu den hala ere. Eman dituen hiru aukera horien artean gakoa non dagoen esatera ez nintzateke ausartuko, baina euskararen ikas-irakaskuntzan izan dezakegu erronka berezia. Burura etorri zaizkidan bi erreferentziarekin azaltzen saiatuko naiz.
Batetik, hizkuntzak ikasteko materialak eta testuak direla eta aspaldian entzun dudan ideia bat. Esanahirik gabeko testuak eta pertsonak, metodo eta liburuetan, funtzio didaktikoa besterik ez duten testuak eta diskurtsoak, "banalitatea", edo "absurdoaren apoteosia" bezalako ideiak. Xede hizkuntzak existitzen ez den mundu irreal eta hutsala islatzen duela azken batean.
Sarea apur bat arakatuta Widdowsonen hitz hauek aurkitu ditut artikulu honetan (pdf)
en interés de la exposición de muestras de la lengua, unos personajes representan la insistencia en lo ordinario e insignificante, una apoteosis del tópico
Ikuspegi komunikatiboaren hasieratik izan da kezkagai ikas-prozesuaren inguruko komunikazioaren hutsalkeria hori dirudienez. Honez gero gaindituta egon beharko luke baina ikasle-jendearengan esango nuke oraindik dagoela errotuta bestelako ikuspegia.
Hizkuntza ikastea ariketak egitea da, testuak irakurtzea hitzak ulertzeko, hitz egitea errorerik ez egiteko, idaztea hizkuntzaren jakintza erakusteko... eta testuinguru horretan zer,nork, zertarako, noiz eta nola esaten den bigarrengo kontua da. Ariketa eta idazlana errege dira oraindino askoren pertzepzioan, eta erresuma horren mapa gramatika kontzeptuak batzen dituzten ariketa bildumen probintziek osatzen dute.
Erraza izan daiteke oraindik esanahia, idazki eta berben balioa bazter geratzea, komunikazioa alegia. Eta ondorioz irakurtzen dena, entzuten dena, esaten dena edo idazten dena sinesgarria edo baliagarria ez delako sentsazioa.
Kantua da gogora etorritako bigarrena. Kantua baino, Negu Gorriakek Xabier Leteren Euskal Herri Nerearekin egin zuen remix hau. Anton Reixa olerkari eta musikari galiziarraren hitz hauek Leteren ahotsaren gainean:
"...mesmo algunas veces poderiamonos preguntar si existen realmente os vascos detrás de todos eses titulares de prensa"
Euskaldunok, euskara, euskararen herria ikusgarria da? Euskara ikaslearentzat ere bai. Horra ekar genezake galdera.
Bai, batzuetan galdetu egin lezake ikasleak berridazketa, betetzeko hutsune, idazlan, irakurgai, entzungai, aukera anitzeko galdera, idazteko gai-zerrenda, bideo, hiztegi edo irakasle horren atzetik euskaldunik baden benetan.
Galdetzen ote duen nago hala ere. Ikasi behar den galimatias hori pertsona batzuen bizitzaren ispilua dela konturatzen da? Konturatu nahi du? Ikasleak eta pertsona askok galdetu beharko lukete agian: euskaldunak existitzen dira?
Batzuk ezezkoa frogatuta gustura biziko liratekeela esango nuke, beste askok ez dute galderaren erantzuna erraz ikusteko modurik akaso: oihanak izkutatzen dielako, oihanean sartzeko motiborik ez dutelako edo oihaneko fauna ez delako saldo handietan eta bistan ibiltzekoa.
Lantoki bikoitza dugu agian euskararen ikas-irakaskuntzan: hizkuntza ikastea bermatzea eta hizkuntza horretan bizitza dagoela erakustea.
Masa eta etorkizuna
Mintzapraktika hitza ez da berria, euskara ikastearekin lotuta dago aspaldian gainera. Baserrira mingaina askatuko zuen edabe magikoaren bila joaten ziren aintzindari haiengandik gaur eguneko mintza-berba-lagun-kideengana tradizioa ezarri dela esan daiteke.

AEK-k eta Topaguneak duela urte batzuk tradizio horri zabalkundea ematea pentsatu zuten, eta hor ibili dira berriketak eta berriketariak ugaltzen, gero eta leku gehiagotan eta gero eta jende gehiagok euskarazko hitzordua agendan.
Inbertsioa egin da horrela izan dadin, eta inbertsio horrek zer eman duen jakin beharra egon da. Euskara ikasteko baliagarria izan da? Euskara gehiago egin dadin balio izan du? Pozik egon da jendea?
Eusko Jaurlaritzaren eskutik Aztiker enpresak egin du horren peskiza, eta gaur aurkeztu digute Mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtzen ikerketa.
Hor egon dira Aztikerrekoak beraz, haien aurrean AEK eta Topaguneko ordezkariak eta HABEren zuzendaria EJren Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzaren izenean.
Eta emaitzak? Hemen duzue laburpena eta hemen txosten nagusia, ez dut dena kontatuko (apuntatzeko boligrafo barik eta memoria slot-ak beteta joan naiz).
Labur, antolatzaileak pozarren egoteko modukoak duda barik. Etengabeko hazkundea azken urteotan, hedapen geografiko zabal-zabala, asebetetze handia partaideen aldetik, eta euskara hobetu eta gehiago erabiltzen dutela hauteman dute partaide gehienek. Asmoak betetzen diren seinale nonbait. Hala laburtu dute ondorioetan Aztikerreko kideek: partaidetzak izan duen hazkundea ikusita masa-fenomeno baten aurrean gaudela esan daiteke, bistan dago jende askoren behar izanak asetzen dituen ekimena dela eta hor dagoela nonbait arrakasta sozial horren giltzarria. Horixe izan daiteke berba: arrakasta.
Pello Jauregi adituak egin du irakurketa amaieran, triunfalismoa apur bat epeltzen eta gaia kokatzen saiatu da. Honako proiektuek erabilra zabaldu dutela ezin uka daiteke, jendearen asebetetzea ere aipagarria da, baina hala ere norberaren bizimoduaren muinean ez dute sartu euskara: familian, lagunartean edo lanean adibidez. Norberaren bizitzaren atal bat betetzen dute, gustura dabil jendea, baina tarte marginala da hori nolabait. Erabilera sustatzeko botoi magikoa aurkitu duela uste duena oker dago. Dena den, mintzataldeen teknika beste arlo horietara zabaltzea apuntatu du jorratzeko ideia bezala.
Ados horretan, mintzapraktika ez da euskararen erabilera orokortuko duen soluzio definitiboa, ez dut uste hori inori bururatu zaionik ere, baina zer ikasi batzuk eman dituela esango nuke. Beharbada euskararen normalizazioaren bidean jendearen behar izanak hartu beharko dira kontuan, behar izanak, espektatibak eta asebetetzea, poztasun apur bat eman, alegia. Euskara erabiltzea bada xede nahiz ikastea bada, eta kasu honetan biak batu dira. Kontzientziak flagelatzen edo azterketa latzak ikusmiran jarrita nekezagoa izan daiteke hizkuntza erabiltzeko gaitasuna lortzea eta hura praktikan jartzea.
Eta bistan da mintzapratikak sano laguntzen duela euskararen erabilera hedatzen, eta euskara ikasten ere bai. Bai, baina ez batean ez bestean ez da baten batek espero dezakeen botoi magikoa. Ikaskuntzaren bidean osagai garrantzitsua bihur daiteke, martxa honetan masiboa ere bai. Aintzat hartu behar diren aukeretako bat.
Ikaskuntzaz ari garela, HABEko zuzendariaren hitz batzuek eman digute arreta askori. "Mintzapraktika euskararen ikaskuntzaren etorkizuna den autoikaskuntzak behar duen osagaia da" edo horrelako zerbait entzun dugu.
Ez dakit nondik datorren ondorio hori, ez da azalpenik eman. Euskararen ikaskuntzaren etorkizuna autoikaskuntzari aitortzea, erabileraren etorkizuna mintzapraktikari aitortzearen bestekoa iruditu zait boteprontoan. Ustezko botoi magikoa, azalpen edo zehaztapen gehiagorik ematen ez den bitartean behintzat.
Askok uste dugu seguruenik euskara ikasteko erak, formatuak eta bideak aldatuko direla aurrerantzean, baina etorkizuna botoi bakarrean jartzen ez nintzateke ausartuko.
Euskara ikastearen etorkizuna euskararen erabileraren pentsuan dagoela esango nuke gehienez.
Lotura: Mintzapraktika egitasmoak, masa-fenomeno berria? (Praktikatu)
Hizkuntz-itzalak
Mezu pare bat irakurri ditut egunotan, ohikoak ditudan blog bitan. Enric Serraren Aprendre Llengües-en bata [599] Consciència lingüística contra obvietat. Iñigo Roqueren Idazkolako takatekoak-en bestea, Paristik natorren.... Eta estekatxo bat ikusi dut bien artean.
Serrak Ara agerkarian egiten duen kolaborazioaren nondik norakoak eta asmoak azaltzen saiatu da. Hizkuntz-kontzientzia sustatu nahi ei du hango blogean,
Viure amb consciència lingüística vol dir, a parer meu, provar d'entendre el món des de la llengua, des de les llengües (fins i tot una sola llengua en són moltes!)
Obvietat linguistikoa deitzen duena gainditzea da asmoa. Hizkuntza erabiltzen den komunikazio tresna dela, hari erreparatu gabe bizi gara nonbait, zer eta nola esaten dugun/zaigun eta horren atzetik zer dagoen arreta eman barik.
i l'objectiu és sempre el mateix: no permetre que la llengua ens sigui una superfície transparent, fer l'exercici de reclamar-li una opacitat transitòria, de frenar-ne la referencialitat immediata.
Hizkuntzari lantzean behin arreta ematearen aldarri modura uler daiteke, denok neurri batean hizkuntzalariak izan-edo. Kontzientzia linguistikoa piztu behar da: hizkuntzaz pentsatu, hausnartu, eztabaidatu, jardun...
Eta Iñigoren artikulura joan naiz ondoren. Ez da gaia izan pentsarazi didana (Paristik natorren/datorren artista bat naiz ni horrek zer pentsatua ematen duen arren), hizkuntza ezartzeko jarraitzen dugun bidea baino: klasikoen eta literaturaren erreferentziak, urliak nola esan zuen harakoan, sandiaren testuetan zer aurkitu dugun... hizkuntza xehetu, arakatu, mintzagai eta gogoetagai hartu, eztabaidagai ere bai.
Formari buruzko gogoetaren beharra aipatu da sano hizkuntzaren didaktikaren literaturan aspaldion, xede-hizkuntza horri arreta eman, analizatu, probatu, hipotesiak eraiki... Esango nuke euskaldunok horretan ondo trebatuta gaudela azken batean, Enric-ek partaide asko aurkituko lituzke gurean alegia.
Baina kontzientzia linguistiko horretan ez ote zaigu ahazten sarritan hizkuntzaren funtzioa zein den, eta hizkuntza funtzio horretan bizi dela? Hizkuntza ikasten duenaren asmoa azken batean ez da "obvietat" horretara heltzea, hizkuntza tresna ikustezin bihurtzea? Eta hizkuntza biziaren (normalaren?) ezaugarri nagusia ez ote da gardentasun hori?
Bestela, esango nuke itzalari begira jartzen garela, eta itzalak ederrak izan daitezke, bolumena eman diezaioke objektuari, baina objektu barik ez dago itzalik, foko potenteenekin argituta ere ez.
(Hilabete eta erdi luze hemen ezer idatzi barik, eta gaur honako elukubrazioekin etorri ere egitea...)





Azken iruzkinak