22
Urt
2012

Nola egiten ditudan zuzenketak

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 22 - 14:00

Lehengo batean, ‘fresh learning’ izeneko artikuluan nioen ebaluazio-mota guztiak direla baliagarriak baina autoebaluazioa dela autoikaskuntzaren modurik berezkoena. Hurrengo pasartean autoikaskuntzak erreferentzia eta gaitasuna dituela beharrezko esaten nuen. Praktikara jaitsita, nahiz eta nirea oso eredugarria izan ez, erroreen zuzenketa (ebaluazioaren atal bat soilik) nola egiten dudan adieraziko dizuet.

1.Bogako idazlanen zuzenketa.

Tomasek uste du bizimodu hori oso gogorra dela eta Julenek erantzun dio horrela jarraitzen badutela badute, oso txarto pasako dute dutela...

Okerra ezabatzearena eta forma zuzena ematearena da autozuzenketatik urrunen dagoen modua baina kontuan izan behar da ikasleak zuzenketa-masa altua izaten duela astean eta lan kognitibo arina eskatzen dion zuzenketa ere izan behar duela.

2.Tutoretzarako idazlanen zuzenketa.

Tutoretza baino bi edo hiru egun lehenago bidaltzen didate idazlana postaz eta hona zuzenketa:

Atzo goizean bi ordu egon nintzen telebista aurrean. Neka-neka eginda nengoen eta ez nuen burua gauza konplikatuetarako. Zigarroa piztu eta izugarrizko irudi nazkagarriak dauden telesail horietako bat ikusiz egon nintzen.

Urdinez daudenak zuzendu beharrekoak dira. Horiz daudenak biziki egokiak direnak, eta azpimarratutakoak beste modu batean formulatu beharrekoak; egia esan, azpimarratu ordez, Wordeko oharrak erabiltzen ditut honetarako eta testuari buruzko ohar orokorragoak egiteko.

Honezkero, konturatuko zineten  lehenengo eta bigarren zuzentzeko moduaren artean badela alderik. Batetik, ikasleari berari eskatzen zaio zuzentzea edo birformulatzea eta bestetik, errefortzua eskaintzen zaio alderdi onak ere nabarmenduz. Baina oraindik ere urratsak eman behar dira autonomiaranzko bidean. Bigarren zuzenketa modu honek monitorizazio lana tutorearen / irakaslearen esku uzten baitu.

3.Tutoretzako mintzamen-saioen zuzenketa

Tutoretza guztietan mintzamen-saio labur bat (5-10’) grabatzen dugu eta ikasleari ematen zaio grabazioa etxean zuzen dezan. Hurrengo tutoretzan irakaslearekin batera entzuten du grabazioa eta zuzenketa proposamenak egiten ditu ikasleak (betiere esaldi literaletan oinarritutakoak). Tutoreak ikaslearen zuzenketa osatzen du.

Zuzenketa-mota honetan ikasleek hartzen dute beren gain monitorizazioaren pisu osoa eta oso modu desberdinean ekiten diote lan horri. Batzuek entzun ahala hartutako apunteak ekartzen dituzte. Beste batzuek transkripzio osoak egiten dituzte… Kontu honetan garrantzitsua da zehatz aritzea, ez du balio adibidez ‘konpletiboak ahaztu ditut’ esateak, esaldi literalekin jokatu beharra dago, monitorizazioa egokia izan dadin.

Oro har, hiru zuzenketa-mota hauek konbinatuz lantzen ditugu erroreak, alor honetako autoebaluaziorako bide egiten dugulakoan, lan-karga kognitiboa orekatuz, erreferentzia eskainiz eta gaitasuna eraikiz.  Zuzenketaren alorrean, urteetako esperientziak esaten digu tutoreak esandakoak baino pisu askoz handiagoa duela ikasleak berak aurkitutakoak.

Baina hau guztia ez da ebaluazioaren zati bat baino, honekin batera eta are gehiago autoebaluazioaz ari garela beste ebaluazio tresna batzuk baliatu beharra dago, besteak beste portfolioa,  bakarra aipatze aldera, autoebaluazioan duen garrantziagatik. Baina nahikoa pazientzia izan duzue gaurkoz eta beste batean arituko gara horretaz.

Argazkia: Red ink. [phil h]. Lizentzia.

20
Urt
2012

Play button

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 20 - 22:43

Gaurkoan adierazi nahi dudana azaltzeko zure laguntza behar dut, irakurle. Begiak itxita irakurri beharko duzu, irudiz hornitu testua eta baten batean atzera egiteko ere eskatuko dizut. Bideo-jolasa proposatzen dizut , baina badakizu pantaila batetik bestera pasatzeko puntu ugari lortu behar dituzula.

1.pantaila

Itxi begiak eta irudizta ezazu altzairuzko kaxatxo bat eta bertan puntutxo batzuk, puntu potolo baten inguruan. Gezi koloretsu batzuk ere badaude. Gehienek puntu potoloa dute jomuga edo abiapuntu. Taka-taka-taka… sakatu eta sakatu puntu potoloari eta klinn-klinnn-klinnnn pasako zara bigarren pantailara.

2. pantaila

Itxi begiak eta irudizta ezazu egurrezko kaxatxo bat eta bertan puntutxo batzuk. Orain irudizta ezazu kaxatxo horren barruan puntutxo horiek lotzen eta askatzen  zenbait gezi koloretsu barreiatzen direla. Zenbat eta gezi gehiago egon,  puntu gehiago lortuko dituzu baina kontuan izan puntutxo guztiek izan behar dutela helmuga eta iturburu. Klinnn-klinnnn-klinnn hirugarrenera.

3. pantaila

Egia esan, bigarren irudiko kutxatxoa bezalakoa da baina paperezkoa, puntutxoak eta gezi koloretsuak barreiatzen dira baina zenbaitetan papera zeharkatu eta kanpora ateratzen dira eta kanpoan dauden beste puntutxo batzuekin ere lotzen dira. Konplexuagoa da jokoa, elementu gehiago ditu baina honaino helduz gero, zale-zaletuta izango zaitugu.

4. pantaila

Oraingo honetan ez dago kutxaren beharrik. Geziak eta puntuak besterik ez. Armiarmatxo bat ari da etengabe bere sarea ehuntzen. Zure lana amaitu da. GAME OVER.

Orain, mesedez, pentsa ezazu kaxatxoa ikaskuntza esparrua dela: ikasgela (birtuala edo fisikoa). Puntutxoak ikasle eta irakasleak direla eta gezi koloretsuak beraien arteko interakzioak (formalak zein informalak, birtualak zein aurrez aurrekoak). (Egin atzera irakurgaian, mesedez).

Lehenengo irudia, eskola zaharreko irudia dugu, lehenbailehen gainditu beharreko anakronismoa.

Bigarren irudia, ‘little box’ Siemensen hitzetan, aurrerapausoa da, interakzioan baitu fokusa baina beti ere ikaskuntza-komunitatearen barruan.

Hirugarrenean, glokalizazioa Siemensen hitzetan hau ere, ikasleek interakzioa dute euren artean baina baita hiztun komunitatearekin ere.

Laugarrena, PLEari dagokio, ikasleak ikaskuntzan baliagarri zaizkion interakzio modu eta iturriak aukeratzen ditu.

Eta non dabil hau idazten duena? Bada, aitortuko dizut,  bigarren pantailara heldu nahian… hortxe, hortxe. Traketsa naiz, gero! Autoikaskuntzan nabil eta zail egiten zait Boga (puntu potoloa) eta neure tutore lana (batzuetan potoloa hau ere)  egokitzea, baina  atzenengo ebaluazio-bileran sare-sozialekin saiotxo bat egitea erabaki dugu eta… Kontatuko dizuet bigarren pantailara pasatzea lortzen dudanean (lortzen badut, behintzat).

Zuek, behintzat, ikasi duzue begiak itxita irakurtzen. Ez zarete makalak!

Argazkia: Extra Ball (Shawn Clover). Lizentzia.

16
Urt
2012

#freshlearning (2)

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 16 - 17:13

Aurreko mezuan autoikaskuntza dagoen atakatik ateratzeko hemeretzi irizpide nagusi zirrimarratu ditut. Lan horretan jarraituko dut oraingoan ere.

20. Irakasteko modua baino garrantzitsuagoa da ikasteko modua.

21. Praktika didaktikoak ikas-prozesuan partaide direnen ideia didaktiko adostuen ondorio izan behar du.

22. Edozein curriculum edo paradigma didaktikoren balioa eragindako praktikaren neurrikoa da.

23. Ikaskuntza-prozesuaren konplexutasunaren ondorioz, gaur gaurkoz
metodologia oro dago beta fasean.

24. Planteamendu mekanizistak murriztaileak dira ikas-irakaskuntzaren antolaketan eta inplementazioan.

25. Didaktikariei, ikasleei eta irakasleei administrazio-kudeatzaileei besteko
erabakimena aitortu behar zaie.

26. Hizkuntzen ikas-irakaskuntzan, gutxienik arauak besteko pisua du estrategia komunikatiboak.

27. Ohiko ikaskuntza eta ebaluazio-atalei (zuzentasuna, aberastasuna…)
eraginkortasun komunikatiboa gehitu behar zaie.

28. Trebetasunen pisuak eta nolakotasunak erabileraren neurrikoa izan behar du. Ez, adibidez, entzumena arindu eta idazmena astundu.

29. Elkarreraginaren lanketak eta neurketak berezkoa izan behar du. Kontua ez da elkarreragina erabiltzea  zuzentasuna eta abarrak neurtzeko.

30.    Autoikaskuntza ez da bigarren mailako ikaskuntza edo ikaskuntza osagarria (hori ere bai, nahi izanez gero). Inguruabarrez gain, ikaslearen hautu metodologiko izatea du helburu.

31. Autoikaskuntzak uztartu egin behar ditu indargune duen pertsonalizazioa eta ikasketa esparru soziala.

32. Autoikaskuntzaren eta ohiko ikas-irakaskuntzaren arteko mugak lausotu egin behar dira eta continuuma osatu.

Bertan bukatzen dira oraingoz, bururatu zaizkidanak. Badakit erraza dela esatea eta zaila egitea baina zuhaitza apur bat astindu nahi badugu eta fruituren bat jaso, ideia batzuk izan behar ditugu makila.  Freshlearning, adiskidea ;-)

Argazkia: Perfect Summer Melonscape! Josh Liba. Lizentzia

14
Urt
2012

#freshlearning (1)

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 14 - 22:36

Autoikaskuntza deiturikoan, BOGA programaren altzoan, aritzen den irakasle-tutore horietako bat nauzu. Eta kezkatuta nago. Aspaldi batean bogan aritu beharrean, zian ari garelako errezeloan. Honelako sistema batek behar duen etengabeko berritze-prozesua geldi dagoelako ustean, berrikuntza hori eraiki behar dugula uste dut. Eta horretarako guk ere leihoak zabaldu eta  leku egin behar diogu freshlearningari: desikasi berreraikitzeko.

Ondoren, lan honetan abiapuntu izan litezkeen zenbait ideia botako ditut tupustean. Horietako batzuk autoikaskuntzari dagozkio zuzenean, orokorragoak dira beste batzuk, ostera. Hatoz:

1. Euskararen autoikaskuntza ez da edukietan edota teknologian ardaztuko. Interakzioa izango du muin.

2. Ez da ‘zer ikasi?’ galderatik abiatuko, ’zer egin?’ galderatik baizik.

3. Programa eta curriculum itxi, estatiko eta ezarrien hormak hautsi eta prozesu dinamikoa eta pertsonalizatua bultzatuko du.

4. Ez da egoera komunikatiboen simulaziora mugatuko, benetako komunikazioa bilatuko du.
5. On-line eta Off-line sareak izango ditu erabilera esparru.

6. Ikasleak ez dira Gargantuak: input-jale eta output-igorle.

7. Irakaslearen lana da bere lan-esparruari dagozkion sareetako komunikazio-emariaren kantitatea zein kalitatea zaintzea.

8. Irakasleak prest egon beharko du aldez aurretik egituratu gabeko egoeretan ere lan eraginkorra egiteko.

9. Autoikaskuntzan irakaslea ez da pilotua, kopilotua eta bidaia-laguna baizik.

10. Autoikaskuntza ez da inola ere bakar-ikaskuntza, komunitatea eta elkarlana izan behar ditu jarduera-eremu. Proiektu poligestionatuetatik abiatuz.

11.  Autoikaskuntza prozesu aktiboa da; ikasle aktiboa du, beraz, subjektu eta objektu.

12. Jakin-mina eta motibazio emozional positiboa dira ikasle aktiboaren ezaugarri eta ikas-prozesu iraunkorraren berme.

13. Ikastearen helburua erabilera bada, bihotza burua bezain garrantzitsua da. Hizkuntza ez da ikasketa objektu soila.

14. Ikasle helduak autonomoa izan behar du, baita autonomia-maila erabakitzeko orduan ere.

15. Zertifikazioa ez da ikas-prozesuaren gidaria izan behar. Ikasle batzuei ezarritako aldian aldiko zedarria baizik. Ikaskuntza zertifikatiboaren gehiegizko dimentsionamendua degradazio zantzua da.

16. Zertifikazioaren gehiegizko dimentsionamenduak gehiegizko baldintzapena eragiten du ikas-prozesuan.

17. Ebaluazioa prozesu konplexua da, erantzun zuzena edo okerra neurtzeko
 itemetatik haragokoa.

18. Ebaluazio-mota guztiak dira erabilgarri baina autoebaluazioa da
 autoikaskuntzaren ebaluaziorik berezkoena.

19. Autoebaluazioak, baliagarria izan dadin, ezinbestekoak ditu gaitasuna eta
erreferentzia.

Argazkia: No te tengo miedo, que lo sepasMarkel 2007 Flickr-en. Lizentzia.

18
Urr
2011

Zergatik ez naizen joango MoodleMoot Euskadi 2011ra

Josu Lezameta, euskara irakaslea Galdakaoko Udal Euskaltegian

Aurten HABEri egokitu zaio MoodleMoot Euskadi 2011ren antolaketa eta ostiral honetan bertaratzeko gogo biziz nenbilen, Euskalduntze Alfabetatzearekin, neure lanarekin, lotura zuzena zuelako eta Moodle-rekin lan egiten dudanez, ikasi nahi nuelako nik baino dexente gehiago dakitenengandik.

Baina ez naiz joango.

Eta, zergatik ez naizen joango azaltzen hasi baino lehen, argi utzi nahi dut ez dudala injustoa izan nahi MoodleMoot Euskadi 2011 sustatzen eta bertan aurkezteko hitzaldiak prestatzen dihardutenekin. Jakin dakit, horretan dabiltzan batzuk ezagutzen ditudalako, tonaka ilusio eta lan jarri dutela oraingoan ere, beti bezala. Eurentzat esker ona baino ez daukat.

Baina ez naiz joango, batez ere, iraganean hitz egin beharko nukeelako: guk zera egiten genuen ikasleekin, gure ikasleek zera zeukaten... Ez naiz joango eguneroko jardunean online euskalduntzearen zati bat, ezagutzen dudana, euskaltegi publikoetakoa, amildegira daraman erakundeak antolatu duelako. Amildegira. HABEk, badakit, baditu bi bihotz, dirua banatzen duena bata eta didaktikaz arduratzen dena bestea. Eta bi esku ere baditu, baina -zer egingo zaio- ez du balio esateak ezker eskuak ez dakiela eskuma zertan dabilen.

Eta ez naiz joango HABEk eskuin eskua samatik askatzen ez digun bitartean. HABEk ez du zenbait gauza ulertzen, ez ditu ulertu nahi:

  • Ikasleei bakarkako lana aitortzen diela dio HABEk, baina baliabide zehatz batean -Boga-n- egiten duten denbora baino ez die onartzen: euskaltegian prestatutako edo euskaljakintza.com -eko Hot-potatoes motako ariketak egiten ari direnekoa, Photopeach-eko jokoetan edo ikasbil-en ematen dutena, ez. Ez dago denbora hori HABEren aurrean zuritzerik, hori ez da “asistentzia”. Eta bakarkako lana AUTOikaskuntzan, lagunok, oooooso eremu zabala izan daiteke.
  • Gurean, Galdakaoko Udal Euskaltegian, duela urte batzuk astean ordu beteko tutoretza pertsonala ematen genion ikasleari. HABEk behartu gintuen astean ordu erdira jeistera. Eta gero ordu erdi bai, baina astero beharrean hamabostean behin. Irakaskuntza mundukoak ez zaretenok ere ohartuko zarete AUTOikaskuntza sistema batean zein garrantzitusu suerta daitekeen tutoretza pertsonala: helburua/bidea elkarrekin zehaztu, zalantzak argitu, adorea eman...
  • Mintza taldea berezituak (izan) ditugu guk online ikasleekin, maila eta ordutegi desberdinetan, astean ordu betez. HABEtik iradoki digute “ohiko taldeetan” sartzeko online ikasleak astean ordu betez. Porrota, eta honetan dabilenak badaki: astean hamar orduz elkarrekin daudenen artean sar ezazu arrotz bat astean -edo hamabostean- behin ordu betez. Ikaslea alderrai.

Besterik ere egon da: lan karga handitu zaigu irakasleoi, errentagarriak ez garela entzun behar izan dugu ez behin, udalaren desafekzioa... Tira, hori guztia ere irentsiko nuen berriro -ofizioaren ajeak- baina, ikasturte honetan, jakin nahi nuke zergatik, HABEren jarrera online autoikaskuntzarekiko okertu egin da. Are okertu. Ikasleek jada matrikula ordainduta eta ikasturtea martxan jartzekotan gaudela, hara non aldatzen dizkieten baldintzak ikasle, irakasle zein euskaltegiei, “orain horrela da” azalpen bakartzat. Eta hara non Autoikaskuntzaren eta teknologia berrien aldeko apustua egiten ari diren, sutsuki. Hamaika ikusteko jaio gara, baiki.

Eta, jakina, ez dut joan nahi MoodleMoot Euskadi 2011 antolatu duen erakundeari xaboia ematera. Eta batez ere, ez dut nahi -berriro diot- iraganean hitz egin beharko nukeelako: guk zera egiten genuen ikasleekin, gure ikasleek zera zeukaten... Ni harro egon naiz gure euskaltegian eskaintzen genuen zerbitzuaz, haize kontra eskaintzen ari izan garena. Baina orain ezin dut, orain HABEk ez dit uzten, orain ikaslea eta online sistema porrotera bideratzen duena baino ezin dut eskaini. Eta hori behartuta egin dezaket, baina nahita ez.

Eta ez naiz joango.
___________________________________________________________________
Beste leku batzuetan ere izan dituzte antzeko arazoak eta nik baino hobeto azaldu dituzte.

13
Ira
2011

Eitb nahierara, baina jaitsi gabe

Aspaldian aipatu genuen hemen Eitb-ren webgunea ikus-entzunezko dokumentuen iturri handia izan daitekeela euskara irakasleontzat. Bai, txukunagoa, ordenatuagoa akaso, erakargarriago eta txuloagoa askorentzat, baina dokumentu-iturri izateko arazoak izango ditugu hemendik aurrera.

Irrati saioak mp3 formatuan eta bideoak mp4-n jaisteko aukera ematen zigun lehengoan, eta orain ez eitb.com-en, ez eitb.tv berrian ez da aukera hori zuzenean agertzen, eta edukiak babestuta daudela ematen du gainera. -k oharatarazi digu tweet honetan.

Badirudi audioa eta bideoa RTMP protokoloan eskaintzen direla orain, beste telebista kate askok egiten dutenaren antzera, bideoak jaitsi edo kopiatzea eragozteko asmoz. Eta horrek konexio barik erabili behar dituztenei oso zaila jarri die jaistea eta beste leku batera eramatea, klasera esate baterako.

Bila ibili naiz, eta ez dut alternatiba errazik aurkitu. Eitb.tv-tik ("nahierara") programa hau erabilita jaitsi daitezkeela dirudi, ez eitb.com-etik ordea. RTMP protokolo horretan eskaintzen diren edukiak jaisteko beste alternatiba batzuk daude munduan, baina ordenagailuen erabiltzaile arruntarentzat konplikatuak edo astunak izan daitezke gehienak.

Audioei dagokinez, lehengo podcast-ak mantentzen dira, eta hortik bai, mp3 formatuan jaitsi daitezke edukiak, behar dugun entzungaia podcast-etan badago behintzat.

Bideoei dagokienez, lehen aipatu dudanaz gainera, ingelesezko bertsio honetan lehengo interfazea gorde dute, eta bideoak jaisteko aukera zuzena mantentzen da, baina erdarazko bideoak dira dirudienez.

Tira, ikus-entzunezko material horiek konexiorik gabe erabili behar dutenentzat jaitsi eta leku batetik bestera eramateko aukera gehiago edo errazago ezagutzen badituzue eskertuko dizuegu jakinaraztea. Hemen behintzat ez dute azaltzen.

08
Ira
2011

Aprende ingles TV

TDT eta kable bidezko telebistarekin hainbat kanal ditugu derrepentean etxean, kanal tematiko deritzen horietakoak dira asko, eta, sarritan, ez diegu arreta handirik ematen, zapping atake horietako batean kateatu arte.

Aprende Inglés TV topatu dut gaur horrela, aspaldian dago dialean seguruenik (Euskaltelen kablea daukat nik etxean), eta funtsean ingelesa ikastearen inguruko kanala da. Vaughan Systems enpresa dago atzetik dirudienez, eta gaztelaniadun hiztunei bideratuta dago kanal hori.

Gauza bat iruditu zait deigarriena, aurkezleak irakasleak ei dira, eta benetako ikasleak agertzen dira saio askotan, dela erroreak zuzentzeko lehiaketa-saioan, dela komunikazioari buruzko saio-klase batean adibidez. Telebista-akademia moduko bat alegia.

Ez naiz hasiko euskara ikasteko horrelako kate bat egin behar dela aldarrikatzen (kalterako izango ez litzatekeen arren), euskara irakasleoi kate horrek eman diezazkigukeen ideiei buruz baino. Esaterako, erroreak zuzentzeko burua bertan enterratzeko ariketa sortak prestatu beharrean, lehiaketa-jolas modukoak prestatzea. Edo ikasle-irakasle batzuk jardunean ikusteak ekar ditzakeen ideiak edo inspirazioa besterik gabe.

Ez da asko izango, baina beti izan daiteke interesgarria hizkuntza ikasle-irakasleak lanean ikustea, telebistan (edo Interneten) bada ere.

27
Mai
2011

Online aplikazio bi partekatzeko asmoz

Lola Izagirre eta Josu Lezameta, Galdakaoko Udal Euskaltegiko Autoikaskuntza irakasleak

Baliabide erakargarriak nahi dituzu? Arrakastatsuak? Atseginak eta ikasleen gustukoak? Doakoak? Bai? Segi irakurtzen:

Jarraian dituzuen hauek erabiltzen hasi ginenean, eta bisita kopuruari erreparatuta (14.000 baino gehiago dagoeneko), ohartu ginen gure ikasleak ezezik besteren batzuk ere bazebiltzala handik. Pentsatu genuen orduan ongi etorriak zirela bisitari haiek eta aplikazioak ezagutarazi eta nolabait gainerakoekin partekatu egin behar genituela, nahi duenak erabili eta berriak sor ditzan.

Photopeach.com

Ideia sinple batetik abiatuta egin genituen hiztegi irudidunok -hitzak, irudiak eta musika lotu- Photopeach delakoan izena eman eta trasteatzen hasi ginenean. Horrela, apurka-apurka, 28 hiztegi eta joko (quizz) sortu genituen eta Galdakaoko Udal Euskaltegiko autoikaskuntzako ikasleentzako ikastaroetan txertatzen hasi ginen, astean desberdin bat jarrita.

Hemen dituzue, beraz, gure hiztegitxo irudidunak zuentzat: ikusi, ibili, zuen ikasleei erakutsi eta zuek ere ideia berriekin Photopeach-en izena eman eta hasi saltseatzen. Erraz erraza da: gaia aukeratu, argazkiak igo, testua jarri, musika aukeratu eta voilà!

Hemen aurkituko dituzue gureak: http://photopeach.com/user/GaldakaokoUE

Eta hemen erakuskari bi, jokoa eta hiztegia:

Proprofs.com

Hangman -urkatuaren jokoa- eta Scrable -letrak ordenatuz hitza asmatu- motakoak egin ditugu Proprofs delakoa erabiliz. 30 dituzue guztira, gurutzegrama eta puzzle bana ere tarteko. Aurrekoa bezala, hau ere ezin errazagoa da zuek ere antzekoak egin ditzazuen.

Hona hemen gureak: http://www.proprofs.com/games/player/galdakaokoue

Eta hona erakuskari bat (Bizkaiko herrien izenak):

Bai Photopeach-ek eta bai Proprofs-ek aukera ematen dute esteka jarri edota zuen web orri edo blogetan enbotatzeko.

Ah! Ez ahaztu: Ganorazko zer edo zer egiten duzuenean, partekatuko duzue besteokin, ezta? Aurrera!

 

26
Api
2011

Konoaren bueltak

Duela lau urte Dale-ren konoaren aipamena egin nuen hemen, sarean zebilen irudi bat ekarri nuen hobeto esanda. Dale-k hobetoen zer ikasten dugun azaldu nahi izan zuen konoaren figura horrekin, eginaz ikastearen balioa azpimarratuz eta ikaskuntza instrukzio hutsetik harago joan behar duela nolabait adieraziz.

Gaur Clarión blogean jakin dut orduko irudi hura ez dela Dale-ren benetako konoa, enpresa batean 1967 inguruan hango batek egin zuen bertsio librea baino. Dale-ren figurari kuantifikazio batzuk gehitu zizkioten irudi serioago, zientifikoago eta "enpresarialagoa" eman guran. Badakizue enpresa munduan zenbat gustatzen diren grafikoak, portzentaiak eta zenbakiak oro har.

Zenbakietatik aparte ez bide dago alde handiegirik Dale-k adierazi nahi zuen ideiaren eta bertsio kuadrikulatuaren artean. Ikaslea ikasgaiaren esperientzian eta errealitatean zenbat eta inplikatuago ikaskuntza eraginkorragoa. Hizkuntzaren arlora ekarrita, hizkuntza zenbat eta gehiago erabili, erabilera hori ikaslearentzat zenbat eta baliagarriago, emozionalago, asebetegarriago eta esanguratsuago; hobeto, arinago eta gusturago ikasiko da nonbait.

Clarióneko artikuluan konoaren bertsio propioa egiteko bidea proposatu digute bestalde. Edozein ikastaro edo ikas-aktibitatetan aplikatu daiteke, formulario baten bidez ikasleei nola ikasi duten gehiago galdetu ahal diegu. Proba egin zuten eta emaitzak Dale-ren jatorrizko konoaren ideietara hurbildu zirela ikusi zuten.

Pentsaten jarri naiz nola egin litekeen horrelako bat euskara ikasleekin, eta duda bat etorri zait. Gure kasuan ikasleek erantzungo lukete praktikan eta hizkuntzaren erabileran murgilduz gehiago ikasten dutela? Ala instrukzioak, azalpenak eta jarduera mekanikoek pisu handia hartuko lukete?

Alegia, hIzkuntza ikastea hizkuntza horrekin gauzak egiten ikastea baino hizkuntza hori "kontrolatzea" eta "ezagutzea" delako ideia beste arlo batzuetan baino zabalduago ote dago gurean?

Beti etortzen zait gogora ikasle batekin gertatutakoa, egun batean klasean, halako digresio linguistiko-filologiko baten ostean ikasle hark: "Zenbat ikasi dugu gaur!"

Irudia: Cono de la experiencia (Wikimedia). Egilea: Jgaray.

09
Api
2011

Gramatika hizpide

Plisti-plasta | 2011, Apirila 9 - 22:58

Bidaiatxo honetan lagundu nahi badidazu, Hizpideren 75. zenbakia izango dugu abiapuntu. Zehatzago, Josu Peralesen ‘Ba al dago bizitzarik atazetan oinarritutako irakaskuntzatik harago?’ artikulua. Bertan, Josuk, ohi bezain fin eta aratz, azken urteotan ikasbideek izaniko bilakaera erakusten digu.  Josuren iritziz,  proba enpiriko gutxitxo dago metodologia bat edo beste hobesteko.  Bere hitzak esanguratsuak dira oso: Ikasbide bat puri-purian egoteak ez du esan nahi hizkuntza ikasteko modurik eraginkorrena horixe denik. Indarrean zegoen ikasbidearekiko frustrazioa, asperdura, aldatzeko gogoa, gauza berrien lilura, argitaletxeen interesak, izan daitezke, besteak beste, ikasbide bat zokoratzeko eta beste bat besarkatzeko arrazoia.

Zenbait pausaldi egin ditu Josuk artikuluko ibilbidean, AOI zuhaitzak itzalpean ezkutatzen duenari  erreparatu dio batean, APP harkaitzaren gogortasunari beste batean eta Gramatika errekastoaren ibarrean ere eseri da, uraren emariari  begira. Hementxe paratuko gara gu ere Josuren ondoan. Longburuan duela:  Zeri begiratu:  hizkuntz formari ala hizkuntz formei? - galdetu digu tupustean.  Hizkuntz  formei begiratzen badiegu,  antzinako modu klasikoa izango dugu oinarri, item linguistikoen lantze soila. Hizkuntz  formari begiratzen badiogu, ostera, komunikazioa izango dugu funts eta abiapuntu, hizkuntzaren formak komunikazioari eragin liezazkiokeen  trabak edo erants liezaiokeen eraginkortasuna (gaitasun estrategikoa) aztertuko dugu. Korapilo polita!

Dagoeneko nekatzen hasiak gara eta nasai ditzagun, beraz, apur bat mendiko boten lokarriak. Horretarako, belarria zorroztu eta sei ikasgelatako jarduerak adituko ditugu segidan, zuk zeuk azter dezazun bilakaera, noiz den gramatika helburu eta noiz komunikaziorako baliabide:

  • 1. gela: Epa! Gogoan duzue atzo landu genuen ‘Norentzat’ kasua, ezta. Bada,  gaur erlatiboa esplikatuko dizuet eta gero ariketa analitiko batzuk egingo ditugu,  ondo ulertu duzuela ziurtatzeko eta praktikan jartzeko.
  • 2. gela: Epa, gaur erlatiboa esplikatuko dizuet eta gero berau zertarako erabil daitekeen azalduko dizuet:  identifikazioak eta definizioak egiteko, hain zuzen.
  • 3. gela: Epa, irakurri mesedez eman dizuedan testua eta erreparatu azpimarratuta dituzuen esaldiei:  erlatibozkoak dira. Zertarako erabiltzen ditugu? Nola eratzen dira?
  • 4. gela: Epa, atera mesedez etxetik ekarri dituzuen familia argazkiak. Nor den nor adierazi behar diguzue, erlatiboa erabiliz. Hara, erlatiboa egiteko…
  • 5. gela: Epa, atera mesedez etxetik ekarri dituzuen familia argazkiak. Nor den nor adierazi behar diguzue. Ikus dezagun zeintzuk baliabide behar ditugun horretarako: lexikoa, postposizioak, erlatiboa, deskripzioaren ordena…
  • 6. gela: Epa, azter dezagun atzo grabatutakoa (idatzitakoa). Hara, identifikazioa ez duzu egoki formulatu; batzuetan ez da gramatikalki zuzena (kasu honetan, adibidez) eta beste pasarte hau errepikakorregia da. Begira, erlatiboa deitzen den tresna hau erabil dezakezu, hobetzeko.

Beno, konforme. Akaso, ez dira adibiderik egokienak, esan dizut, ba, nekatu samar nengoela. Dena den, bada hor bilakaera bat. Beraz, zaude lasai. Ez lotsatu, batzuetan bide malkarretan gramatikaren makila erabili behar izanagatik. Baina gogoratu makila honek  komunikazioaren bidean  laguntza tresna izan behar duela beti, eta ez helburu. Makila helburu bihurtzen denean, denok mutu geratzen baikara.

Erreka ondoko iturriko ura eskaini digu Josuk, burua apur bat  freskatu eta zahatoari tira egin diogu guk, ordea…  Segi zuk ere bidea egiten,  gustuko baduzu.

Sindikatu edukia